}

Apoloren oparia

1994/07/01 Sagan, Carl Iturria: Elhuyar aldizkaria

Apolo 11ri beste sei misio jarraitu zitzaizkion. Guztiek, batek izan ezik, Ilargiaren gainazalean pausatzea lortu zuten. Apolo 17k eraman zuen lehen zientzilaria. Bera bertaratu bezain laster programa bertan behera utzi zen. Ilargira iritsitako lehen zientzilaria eta utzitako azken laguna pertsona bera ziren. Programak 1969ko uztaileko gau hartan bete zuen helburua. Atzetik jarraitu zitzaizkion sei misioak inertzia baino ez ziren.

Apoloren helburua ez zen zientzia nagusiki; ezta espazioa ere. Apoloren atzean gatazka ideologikoa eta gerra nuklearra zeuden (honelako eufemismoak erabiltzen ziren sarritan: mundu-mailako lidergoa eta ospe nazionala). Hala eta guztiz ere, espazio-zientzia ongi landu zen. Orain, Ilargiaren konposizioari eta paisajea osatzeko moduari buruz askoz gehiago dakigu. Ilargiaren sorreraren ulertzebidean pauso handiak eman ditugu.

NASA

Gutariko batzuek Ilargiko kraterren estatistika bizia sortu zenean Lurrak zuen itxuraz aritzeko erabili dugu. Alabaina, hori baino askoz ere inportanteagoa hauxe izan zen: Apolok Eguzki-sisteman barreiatu ziren espaziuntzi automatiko distiratsuei babesa, aterkia, eskaini ziela. Horrela, inkontzienteki izan bazen ere, dozenaka mundu berriren lehen azterketa egin zen. Apoloren umeak Eguzki-sistemaren mugetaraino iritsi dira orain.

Apolorik egon izan ez balitz (eta zerbitzatzen zuen helburu politikoa ere ez, bidenabar), zalantza handiak dauzkat ea Eguzki-sistema esploratzeko EEBBek eginikoa egingo ote zuketen. Mariner, Viking, Voyager, Magallaes, Galileo eta Cassini, Apoloren opariak dira. Antzekoa esan daiteke sobietarrek Eguzki-sistema esploratzean egindako lanaz, beste mundu batzuetan lortutako lehen lurrartze leunez batez ere (Luna 9, Martitz 3 eta Venera 8).

Apolok munduaren irudimena harrapatu zuen konfidantza, kemena eta ikuspegi zabala eman zizkiolarik. Hori bere jomugetako bat zen. Teknologiari buruzko baikortasuna eta etorkizunari buruzko ilusioa txertatzea. Ilargira joaterik izan badugu, noraino iritsi gaitezke? Estatu Batuen miresle ez zirenen artean ere, proiektuaren azpiko arrazoia edozein izanik ere, Apolorekin nazioak handitasuna jadetsi zuela onartu zuten.

* Inaki Irazabalbeitiak itzulia

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia