}

Aloe vera landarearen sekretuak aztertzen

2002/07/01 Elhuyar Zientzia

Texasko A&M Unibertsitatean, Aloe vera landareak zergatik duen ahalmen sendagarria jakin nahian dabiltza.

Aloe vera landarea erromatarren garaietatik da ezaguna. Zauriak orbantzen laguntzeko aparteko gaitasuna du landarearen izerdiak, eta betidanik erabili da zauriak sendatzeko erremedio gisa. Azkenaldian, kosmetikarako ere asko erabiltzen da, batez ere krema hidratatzaileetan.

Iparraldeko Afrikako landarea da, mamitsua, klima bero eta lehorrera moldatua. Dituen ezaugarriengatik, mundu osoan landatzen da gaur egun. Landarearen hostoak luze eta puntadunak dira, azal berde gogorra du, eta barnean mami zuria. Mami zuritik ateratzen den likido gardena eskuetan hartuz gero, sendotu eta gel itxura hartzen du. Gelak du sendatzeko gaitasuna; zauri baten gainean ezarriz gero, oso azkar sendatzen da zauria.

Texasko zientzialarien ustez, likido horretan dagoen polisakarido berezi bat da sendatzen laguntzen duen substantzia. Dirudienez, landare guztietan daude antzeko polisakaridoak, baina Aloerenak ezaugarri berezi bat du: zauria ixteko behar diren hazkuntza-faktoreetara lotzeko gaitasuna dauka; horrela zauria azkarrago itxi eta sendatzea lortzen da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia