Huygens, Christiaan
1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(1629-1695)
Haga hirian jaio zen 1629an astronomia, fisika eta matematika batera ikertu zituen zientzilari bikaina. Gaztetatik erakutsi zuen zientziarako joera handia. Familian zientzi giroa nagusi zen eta anaiaren laguntzaile gisa ekin zion bere lehen esperimentuak egiteari. Behaketa sistematikoa erabili zuen bere bizialdian zehar ikerketarako metodo gisa, baina oinarri teoriko bikaina zuenez, behatutakoa interpretatzeko gai zen. Hori dela eta, gaur eguneko izpiritu zientifikoaren aitzindaria izan zela esan ohi da.
Ikasketak Leiden eta Bredako Unibertsitateetan egin zituen. Hasieran matematiketan nabarmendu bazen ere, fisika eta astronomia zituen gogoko eta arlo horietan egin zituen bere ekarpenik garrantzitsuenak.
1655ean bere anaiarekin teleskopioan lanean ari zela, lenteak txartatzeko metodo berria asmatu zuen. Horrez landa, lenteek sortzen duten kolore-aberrazioa saihesten duten lenteak sortu zituen eta bi asmakizunak batera erabiltzeak emaitza onak eman zizkion. Lente berriak izan ere, teleskopioan ipini zituen berehala eta horrela, ordurarteko behaketarik osatuenak egin ahal izan zituen. Saturnoren inguruan biraka ari den Titan satelitea eta Saturno bera inguratzen duen eraztuna eta Orion nebulosa aurkitu zituen. Aurkikuntza horiek zirela media, ospe handia lortu zuen astronomoen artean eta garai horretako astronomo guztiek maisutzat zeukaten. Huygens izan zen izarren posizioari buruzko lehen hipotesiak plazaratu zituena. Horrez gain, izarrok urrun dauden eguzkiak direla plazaratu zuen, zientzilari asko erabat harriturik utziz.
Arestian esan bezala, matematikako formazio sakona zuen. 1656an eta De ratiociniis in ludo aleae titulupean, probabilitate-kalkuluko lehen tratatu osoa argitara eman zuen. Logaritmikaren teoria eman zuen eta katenariaren problema askatu zuen.
Fisika arloan, argiaren teoria ondulatorioaren sortzaile izan zen. Huygensek uste zuenez, argia bere higiduraren norabide berean hedatu egiten den luzetarako uhina da. Alabaina, teoria hori baieztatzerik ez zuen lortu eta XX. menderarte ez zen erabat onartu. Aitzitik, berak teoria hori erabiltzen segitu zuen. Besteak beste, Dioptrica bere liburuan fenomeno optikoak teoria horren bitartez azaldu zituen.
Zuzen zegoela frogatu gabe, Hagan zendu zen 1695eko ekainaren 8an.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia