Elhuyar zientziaren komunikazioa

Huntza, landare igokaria

1994/11/01 Terés, Joxepo Iturria: Elhuyar aldizkaria

FITXA TEKNIKOA Huntza

Familia honen barruan azaltzen den genero-kopurua (70 gutxi gora-behera), 700 espezie desberdinetan banatzen da, zuhaitz, zuhaiska, zurezko liana eta belarki multzoetan sailkatuz. Gehienak tropikalak eta subtropikalak dira, bakar batzuk eskualde epeletan azaltzen direlarik. Batzuk ornamentazioan erabiltzen dira, eta beste zenbait sendabelartzat; ginseng landare ospetsua esate baterako.

Euskal Herriari dagokionez, familia honen barruan genero bakarra azaltzen zaigu, eta genero honen barruan espezie bakarra, aztergai dugun landare igokaria eta oso arrunta den huntza, hain zuzen ere.

Huntzak zurezko sustrai arrotz ugari izaten ditu, eta 30 m baino gehiago izatera irits daiteke.

J.Terés

Hostoak bakunak, nahikoa koriazeo eta lustredunak dira, iraunkorrak eta gainaldetik berde ilunak. Hauek oro har, eta txorten luzekoak bereziki, bi motakoak izaten dira: a) loredun adarretakoak, eliptikoak eta b) besteak, palmatilobatuak, 3-5 gingil dituztelarik. Loreak hermafroditak dira, berde-horiskak eta adar-muturretako ginbail globularretan kokatzen dira. Udaren azkenaldean edota udazken hasieran loratzen da. Fruituak berriz, negu bukaeran edota udaberri hasieran heltzen dira, hegaztientzat oso preziatuak direlarik.

Banaketari dagokionez, ia Euskal Herri osoan ugaria eta arrunta da, zona oso arido eta pobreetan (halaber mendi-gailurretan) bakarrik falta delarik. Basoetako zuhaitzetara igoz, hormetan, harkaiztegietan, eta batzuetan zoruan etzanda aurki dezakegu. Leku heze eta ospelak begikoak ditu eta itsas mailatik 1400 metroko altueraraino iristen da. Bestalde, Europa, Asia eta Afrikako Iparraldean banatzen dela aipatu behar dugu.

Huntza ornamentazioan erabiltzen da; horma eta ezpondak estaltzeko bereziki. Barietate desberdinak eta subespezieren bat (hosto handikoak, horiz eta zuriz jaspeatuak eta distiratsuak) dira gehien erabiltzen direnak.

Sendabelartzat erabili ohi da, eta bere osagaien artean saponina bat (hederasaponina C izenekoa bereziki) aipatzen da, beste glikosido, azido organiko eta mineral desberdinen artean. Katarroak, bronkitisak, eztula eta asma sendatzeko erabiltzen da. Baita zenbait eritasunen zauriak isteko, erredurak eta kailuak sendatzeko eta neuralgiak (haginetako mina) baretzeko ere.

Familia: araliazeoak
Espeziea: Hedera helix
Banaketa: arrunta
Habitata: horma eta zuhaitzetan bereziki
Sendabelarra: bai

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia