HTML 5: estandarrak behar zuen eguneraketa
2010/02/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzaileaElhuyar Hizkuntza eta Teknologia Iturria: Elhuyar aldizkaria
HTML 4, zaharkitua
HTML estandarraren azken bertsioak 10 urte baino gehiago ditu. Orduko weba formatudun testuz, irudiz, estekaz eta formularioz osatua zegoen nagusiki, eta HTMLren 4.01 bertsioan elementu horietarako etiketak daude. Gaur egun, ordea, ugariak dira webean audioa, bideoa, elkarrekintza handiko aplikazioak (RIA edo Rich Internet Applications deritzenak), grafiko mugikorrak, jokoak, off line lan egiteko aukera eta horrelakoak. Eta HTML hutsarekin ezin dira horiek adierazi. Javascript eta AJAX moduko teknologiek laguntzen dute maila baterainoko elkarrekintza lortzen, baina interakzio handia behar denean, edo aipatutako beste gauzetarako, hirugarrenen pluginak erabili besterik ez dago: Flash, Silverlight, JavaFX, Google Gears...
HTML estandarra denbora honetan guztian ez eguneratzearen arrazoi nagusia da weba eta HTML formatua gidatzen dituen World Wide Web Consortium edo W3C delako nazioarteko erakundeak eta Berners-Lee haren zuzendariak beste asmo batzuetan jarri dituztela indarrak. Zehazki, batetik, egungo webaren eboluzio gisa XHTML formatuaren aldeko apustua egin zuten (XML arauekin bateragarria den HTML formatua), eta horren 2.0 bertsioan aritu dira lanean; eta, bestetik, web berri ahaltsuago bat definitzen ere aritu dira, web semantikoa alegia (2009ko maiatzeko eta ekaineko aleetan azaldu genizuena), eta harentzako formatuak lantzen (RDF, OWL, SPARQL, GRDDL...). Horregatik, HTMLren bertsio berrien beharrik ez zuten ikusten.
Hala ere, web semantikoa ez zen sortu gaur egun ezagutzen dugun weba ordezkatzeko, baizik eta harekin batera erabiltzeko, eta, askorentzat, XHTML 2.0 disruptiboegia zen egungo webaren eboluzioa izateko (zerotik birdiseinatua, atzerako bateragarritasunik ez zuena, zorrotzegia...). Eta errealitateak ere erakusten zuen haien erabilera oso txikia zela. Horregatik, HTML estandarraren jarraipena bultzatzeko asmoz, Appleko, Mozilla Fundazioko, Operako eta Googleko hainbat pertsonak WHATWG komunitatea sortu zuten 2004an (Web Hypertext Application Technology Working Group), eta HTML 5en lehen zirriborroa lantzen hasi ziren. 2007an, W3Ck ere ikusi zuen HTML formatuaren bertsio berri bat egiteko beharra, eta lantalde bat sortu zuen horretarako. WHATWG taldeak landutako proposamena hartu zuten abiapuntutzat, eta, geroztik, hura hobetu eta zehazten aritu dira.
HTML 5, egungo webari egokitua
HTML 5 bertsioan, gaur ezagutzen dugun webean ohikoak diren ezaugarri garrantzitsuenak hartu dira kontuan, eta horrek aukera ematen du kanpoko pluginen beharrik gabe ia edozein web-aplikazio sortzeko. Gainera, HTML 5en XML bertsio bat ere badago, XHTML 5, orain XHTML 1.0ren ordezkoa izateko proposatzen dena.
Multimediari dagokionean, adibidez, HTML 4k irudientzat onartzen zuen multimedia-etiketa bakarra img zen; HTML 5ek, ordea, audio eta video etiketak dakartza. Horrez gain, canvas etiketa ere badauka, denbora errealean marrazten joan gaitezkeen pintura-oihala, eta WebGL estandar berriarekin konbina dezakeguna (3D irudiak nabigatzaileetan erakusteko liburutegi grafikoa). Horrez gain, ordenagailuari konektatutako hainbat hardware-elementurekin elkarreraginean jardun dezake (hala nola mikrofonoarekin, webcamarekin...).
Bestalde, itxura definitzeko etiketak kendu dituzte, esanahi edo egiturazko etiketak soilik mantenduz eta aurkezpena CSS bidez egitera behartuz (HTML dokumentuen itxura aparteko estilo-orrietan adieraziz). Eta etiketa semantiko edo egiturazko berriak sortu dituzte, hala nola nav (nabigazio-menuarentzat), footer (orri-oinarentzat) eta article (artikuluaren gorputzarentzat). Formularioetan ere kutxa-mota berriak sartu ahal izango ditugu, hala nola zenbakientzakoak, datentzakoak, orduentzakoak, helbide elektronikoentzakoak, URLentzakoak, bilaketentzakoak... edo guk nahi duguna onartzekoak, espresio erregularren bidez. Gainera, zuzenean txertatu ahal izango dira grafiko bektorialak SVG formatuan eta ekuazio matematikoak MathML formatuan. Eta API berriak (aplikazio aurreratuagoak idatzi ahal izateko funtzioak) ere baditu HTML 5ek: off line gaudenean web-aplikazioek datuak gordetzeko APIa, arrastatu eta jaregiteko APIa...
2010. urtearen amaierarako eduki nahi dute bukatuta HTML 5 estandarra. Baina haren zatiak onartze-maila ezberdinetan daude, eta ia erabat finkatuta dituzten hainbat atal jadanik inplementatuta dituzte Interneteko nabigatzaileen bertsio berrienek, guk erabiltzeko prest. Eta, izan ere, hala da: sarean webgune ugari daude HTML 5en ahalmen berrien demoekin, batzuk benetan ikusgarriak HTML hutsean eginak egoteko. Egin diezaiogun, beraz, ongietorria HTML 5 estandar berriari!
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia