Hotzaren makalaldiak
2000/12/24 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Katarroak, arnasbideetako infekzioak, neumoniak eta, oro har, hotzarekin zerikusia duten gaixotasunak neguan asko ugaritzen dira.
Orain arteko gripe edo influenza birusaren epidemiarik larriena 1918. urtean gertatu zen. Orduan 20 milioi pertsona hil ziren, haietako asko gaixotasunaren lehen sintomak izan eta ordu gutxira. Hain gogorrak ez, baina gripearen erasoaldi bortitz gehiago ere izan dira: 1957an Asia osoan, 1968an Hong-Kong-en eta 1977an Errusian adibidez. Epidemia baino pandemia izan dira horiek. Ez dago esaterik gaur egun horrelakorik gerta daitekeen ala ez, baina gertatuko balitz 1918koa kontuan hartuta beharbada munduko populazioaren % 30i eragingo lioke.
Pandemiak eta epidemiak kontuan hartu gabe ere, dagoeneko jakinekoa da gripearen birusek aspalditik eragin diotela gizateriari. Horri buruzko lehen berriak Kristo aurreko bosgarren urtekoak dira. Dena den, 1933a arte ez zen lortu gripearen lehen birusa isolatzea eta identifikatzea. Gripea arnasbideetako infekzioa da, influenza A eta B motako birusek eragindakoa. Badago hirugarren multzo bat ere, C, baina ez dirudi gaixotasun larriegirik eragiten duenik. Gripea oso erraz transmititzen da. Birusa gorputzean sudurreko, ahoko edo begietako muki-mintzetatik sartzen da. Norbaitek eztula egiten duenean birusa airera ateratzen denez, inguruan dagoen edonork arnastu eta xurga dezake. Gehienetan gripea haurrek izaten dute lehenengo, gero beste toki batzuetara zabaltzen dute. Estatistiken arabera, neguan gripeak populazioaren % 20ri erasotzen die.
Gripearen sorburuari buruzko eztabaida luze samarra izan da, baina badirudi azkenaldian zientzialariak ados jartzen ari direla: gripea Txinatik ei dator. Zientzialarien arabera, Txinan animalien eta pertsonen bizi-eremuak nahasi egiten dira. Diotenez, ahateak influenza birus gehien ekoizten duten animaliak aspalditik daude integratuta Txinako bizimoduan. Ahateak haztea eta arroza landatzea elkarrekin egiten dira Txinan, ahateek arroz-landareetara hurbiltzen diren intsektuak jaten dituztelako. Horregatik influenza birusak han ei du bere gordelekua eta handik hedatzen da mundura.
Hasieran esan bezala, gehienetan ohean egun batzuk egonda joaten bada ere, batzuetan gripea oso arriskutsua izan daiteke, arnasbideetako bestelako gaitzak ere, neumonia kasu, eragin ditzakeelako. Gehienbat adineko pertsonentzat eta nolabaiteko gaixotasun kronikoa dutenentzat da arriskutsua.
Lerro hauek idazten dituenak badaki gaurko eta biharko bezalako egunetan sabela majo beteta eta zintzurra ondo bustita segidan doazen aholkuek ez dutela ez arrakasta handirik ez eta harrera berorik izango irakurleen artean. Hala ere, eman beharrekoak dira, besteak beste, biharamonekoa igarotzeko gaizki ere ez datozelako:
Griperik ez harrapatzeko:
- Txertoa jakina, baina dagoeneko beranduegi da horretarako.
- Gripea dutenengana ez hurbildu.
- Transmisio-arriskua gutxitzeko maiz garbitu eskuak.
- Saia zaitez kerik ez arnasten, eta erretzailea bazara, saia zaitez gutxiago erretzen edo erretzeari uzten.
- Osasuntsu bizi izaten saiatu: denetarik jan baina neurrian, asko lo egin eta ur asko edan.
Gripea baduzu:
- Atsedena hartzea oso-oso garrantzitsua da.
- Etxean geratzen bazara, birusa gainerakoei transmititzeko aukera gutxiago dago.
- Likido ugari edan, baina alkoholik ez.
- Sintomak desagertu eta gero ere, 3 edo 4 egunetan gripea transmititu egiten da. Kontuan hartu.
- Birusek eragindakoa denez, gripeari ezin zaio aurre egin antibiotikoekin. Antibiotikoek bakterioak hiltzen dituzte, ez birusak. Ez hartu antibiotikorik.
- Hori eginda gripea mendera daiteke. Baina baliteke bestelako sintomak agertzea: odolez betetako mukiak, bularreko mina, aurpegia handituta, aurpegiko mina… horietan sendagileari deitu.
Ai, baina ez da gripea tenperatura baxuen ondorioz neguan ugaritzen den gaitz bakarra, hezurretako minak, esate baterako, ohikoak dira urte-sasoi honetan, erreuma alegia. Oraindik ez dago ziurtasunik gaixotasun honen eragileei buruz, baina ustez denez, geneek, birusek, hormonek eta elikagaiek izan dezakete zerikusia. Hotza eta hotzaren ondorioz areagotzen diren infekzioak ezin hobeak dira erreumak sistema immunologikoari eraso egin diezaion. Gaixotasuna zerk eragiten duen ez jakin arren, zientzialarien ustez erreumaren aurkako prebentzio-neurri garrantzitsuena elikagaietan dago. Zehatzago esanda, zientzialariek egositako barazkietan eta oliba-olio gordinean oinarritutako dieta aholkatzen dute.
Beraz, osasun hobea izan nahi bada, argi dago Gabonetako elikatze-ohiturak ez direla egokienak. Dena den, idazten duenaren iritziz, guztia ez da osasun ona izatea, mahaiaren inguruan biltzeak, bapo afaltzeak eta bazkaltzeak eta, batez ere, giro onean egoteak zerbait balio du. Behar bada eztarriko edo gerriko minak bezainbeste! Bakoitzak har diezaiola neurria egin dezala bere hautua!!. Ondo pasa!
7kn argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia