}

Hostoen udazkeneko kolorea, lurraren araberakoa

2007/11/25 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Zuhaitz batzuek, hostogalkorrek, hostoak galtzen dituzte udazkena iristen denean. Eta, erori aurretik, hostoek sortu zirenetik izan duten kolore berdea galdu eta beste kolore bat hartzen dute: horia, gorria, marroia, horien arteko konbinazio bat, kolore guztiak nahasita...
Erori aurretik, hostoek sortu zirenetik izan duten kolore berdea galdu eta beste kolore bat hartzen dute.

Kolore berdea zergatik galtzen duten argi dago: zuhaitzak ahal duen guztia berreskuratzen du hostoetatik haiek lurrera erori aurretik, besteak beste, hostoei kolore berdea ematen dien klorofila. Hostoan dagoen bitartean, klorofilak fotosintesian parte hartzen du, baina hostoetatik xurgatutakoan, zuhaitzak haren osagaiak birziklatu egiten ditu, eta negurako elikagai bilakatzen ditu zuhaitzaren gainerako zatientzat. Izan ere, hostorik ez baldin badute, zuhaitzek ez dute fotosintesirik egiten, eta elikagaiak behar dituzte hurrengo udaberrian hosto berriak atera arte bizirik irauteko.

Klorofilak ematen duen kolore berdearen ordez hostoek zer kolore izango duten jakitea, berriz, ez da hain erraza. Hainbat faktoreren araberakoa da. Hona hemen Ipar Carolinako Unibertsitateko zientzialari batek zer esan duen: "Zenbat eta elkorragoa izan lursail bat, orduan eta gehiago gorrituko dira zuhaitzen hostoak".

Klorofila desagertutakoan, agerian gelditzen dira hostoen gainerako pigmentuak, eta horiexek ematen dute kolore berria.

Pigmentu-saltsa

Klorofilaz gainera, hostoek beste pigmentu batzuk dituzte, beste funtzio batzuk dituztenak. Baina klorofila askoz ugariagoa izan ohi denez, hostoetatik desagertu arte ez da sumatzen beste pigmentuak hor daudela. Klorofila desagertutakoan, berriz, agerian gelditzen dira, eta horiexek ematen dute, hain zuzen, kolore berria. Hain ugariak ez direnez, zuhaitzak ez ditu birziklatzen, eta hostoarekin batera erortzen dira lurrera.

Hori gertatzen zaie fotosintesian laguntzen duten karotenoideei. Horiaren eta gorriaren arteko koloreak eman ditzakete

azenarioak, adibidez, oso aberatsak dira karotenoidetan

Hostoetan ageri den beste pigmentu bat, ordea, agerian gelditu ez ezik, ugaritu egiten da hostoetan klorofila desagertu ahala: antozianina. Bai, zuhaitzak antozianina sintetizatzen du handik denbora gutxira eroriko diren hostoetan. Noski, ekoitzitako antozianina eta horretarako behar izan duen energia hostoekin batera galtzen ditu zuhaitzak. Zergatik ekoitzi, orduan?

Antozianinaren berezko funtzioa da hostoa Eguzkiaren izpi ultramoreetatik babestea, eguzkitarako kremek gure larruazala babesten duten antzera. Babesarekin batera, kolore gorria ematen du, pigmentua denez gero.

Izpi ultramoreek kaltetuko balituzte, lehenago eroriko lirateke hostoak, zuhaitzak behar duen klorofila xurgatu aurretik.

Klorofila gutxitzean hostoak zaurgarriagoak direnez, hostoak babesteko ahalegina handitzen du zuhaitzak, eta antozianina gehiago ekoizten du. Zenbat eta antozianina gehiago izan, orduan eta babestuago egongo dira hostoak izpi ultramoreetatik. Eta orduan eta gorriagoak izango dira hostoak.

Antozianinaren babespean, denbora gehiago eman dezakete hostoek zuhaitzetik zintzilik; horri esker, denbora gehiago dute zuhaitzek hostoetako klorofila xurgatzeko. Izpi ultramoreek kaltetuko balituzte, lehenago eroriko lirateke hostoak, zuhaitzak behar duen klorofila xurgatu aurretik.

Zuhaitz batek behar handiagoa edo txikiagoa izango du hostoetako osagaiak xurgatzeko bere sustraien inguruan dagoen lurraren mantenugai-kantitatearen arabera. Lursail oparo batean egonez gero, hostoetako klorofila galduta ere ez du arazorik izango neguan bizirik irauteko. Lursail elkor batean baldin badago, berriz, ezinbestekoa izango da zuhaitzarentzat hostoetan metatua duen klorofila xurgatzea.

Eta beharraren arabera, hostoak babesteko, hau da, antozianina ekoizteko, energia gehiago edo gutxiago inbertituko du zuhaitzak. Eskariaren eta eskaintzaren legea da.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia