}

Hormigoizko hondakinak lagun

2008/12/16 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Zibilizazioaren lehengaiak ditugu zementua eta zementua oinarri gisa hartuta eratutako hormigoia. Horiek gabe ez ginatekeen iritsiko gaur egun dugun aurrerapen-mailara, eta gure zibilizazioa ez zatekeen izango gaur egun dena.
Zibilizazioaren ikurra da hormigoia. (Argazkia: M. Sepperer )

Zibilizazioaren ikurra da, beraz, hormigoia. Zibilizazioak, ordea, badu alde ilunago bat: Atilaren zaldia bezalakoa dela jotzen du batek baino gehiagok; alegia, zanpatzen duen lekuan ez dela berriz belarrik sortzen. Hormigoizko eraikin bat eraikitzean, han zegoen natura-zatia suntsitzen dugu; sekula ez da izango ordura arte izan zena.

Inoiz ezin dugu esan gauza bat zuria ala beltza denik nahitaez. Eta, hormigoiaren kasuan ere, ez dago esaterik ingurumenari kalte besterik ez diola egiten. Newcastleko Unibertsitateko zientzialari batek deskubritu du hormigoizko aurriek, garai batean eraikin izan zirenen hondarrek, balio dezaketela atmosferan gero eta gehiago pilatzen ari garen karbono dioxidoa atmosferatik ateratzeko eta lurzoruan harrapatuta uzteko.

Noski, garai batean eraikin baten hormak edo sabaia izandako hormigoi-zatiek ezin dute horrelakorik egin beren kabuz. Gertatzen dena da lurzoruari ezaugarri bereziak ematen dizkiotela, eta, ezaugarri horiez baliatuta, landare jakin batzuek egin dezaketela aipatutako 'harrapaketa-lana'.

Eroritako horma bat kaltzio-iturri paregabea da, eta atmosferako karbono dioxidoa harrapatzen lagun dezake. (Argazkia: P. Jelliffe)

Kaltzioa da funtsa

Zer eskain diezaioke eroritako horma batek lurzoruari? Bada, kaltzioa. Zementua, berez, oso aberatsa da kaltziotan. Zementuari gogortzeko gaitasuna ematen dion konposatuak, besteak beste, kaltzioa du; beraz, ezinbestekoa dute zementu-fabriketan kaltzioa gehitzea. Horrenbestez, eraitsitako eraikinen hondarrak dauden inguruek kaltzio asko dute, berez dagokien geologia dagokiela.

Badakigu landareek karbono dioxidoa hartzen dutela airetik, eta karbono horrekin azukreak eta beren ehunak eta egiturak sortzeko osagaiak ekoizten dituztela. Baina guzti-guztia ez dute horretarako erabiltzen: atmosferatik hartutako karbonoaren zati bat sustraietatik kanporatzen dute, inguruko lurzorura.

Berez, elikagai falta dutenean egiten dute hori. Karbonoa azido batean kanporatzen dute, inguruan dituzten harriak disolbatzeko, eta disolbatutako hori mineral-elikagai gisa erabiltzeko.

Kaltziotan aberatsa den lurzoru batean, azidoak kaltzioarekin erreakzionatzen du, eta kaltzio karbonatoa sortzen da. Kaltzio karbonatoak, beste konposatu batzuekin elkartuta, klariona sor dezake.

Brassica generoko landareak dira sustraietatik azido asko botatzen duten horietakoak. (Argazkia: T. Spaans)

Klariona aurkitu zuen, hain zuzen, Newcastleko Unibertsitateko geologoak. Meategi bat eraberritzeko modu baten bila zebilen, eta ikusi nahi izan zuen zer gertatzen zen meategi horretako harri-pusken hiru muinotxo konpostez estalita utzita. Handik bost urtera itzuli zen, eta zegoen geologia kontuan hartuta egon behar zukeen baino askoz klarion gehiago aurkitu zuen. Klarion hori nondik zetorren aztertu zuenean, ikusi zuen landareek ekoitzi zutela klarion horren karbonoa.

Aurkitu zuen hura eta ateratako ondorioak zuzenak ziren berrestearren, hormigoizko hondarrez jositako lur-sail bat aztertu zuen, eta han ere aurkitu zituen landareen eraginez sortutako klarion-pusketak.

Klariona oso harri egonkorra denez, oso denbora luzean iraun dezake lurzoruan, aldatu gabe. Eta, noski, baita klarionak bere baitan duen karbonoak ere. Ez da, ez, modu txarra atmosferako karbonoa harrapatzeko! Hala dio, behintzat, Newcastleko geologoak. Esan duenez, karbonoa harrapatzeko sistema hori hobetu daiteke; sustraietatik azido asko botatzen duten landareak landatu daitezke hormigoizko hondarrak dauden lekuetan, eta, hala, ingurumenaren aldeko bilakatu berez hainbeste kaltetzen duena.


Deia -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia