Homeopatia: uraren memoria txarra
2016/05/26 Juan José Iruin - EHUko Polimeroen Zientzia eta Teknologia saila | Josu Lopez-Gazpio - EHUko Kimika Aplikatua saila Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hahnemannek hausnartutako arau batzuk besterik ez du oinarrian homeopatiak, Organon der rationellen Heilkunde lanean argitaratu zituenak, 1810ean. Homeopatiaren oinarrizko araua antzekoen legea da: similia similibus curantur (antzekoak antzekoa sendatzen du). Lege horren arabera, pertsona osasuntsuetan sintoma batzuk eragiten dituen substantzia bat gai litzateke pertsona gaixo batean sintoma horiek sendatzeko. Adibidez, kafeak insomnioa eragiten duenez, eragina alderantzika liteke eta loa eragiteko erabili.
Oraindik ezezagunak diren arrazoiak aintzat hartuta, Hahnemannek idatzi zuen eragina alderantzikatu ahal izateko substantziak oso diluitua egon behar zuela. Oso oso diluitua. Hortxe sartzen dira jokoan diluzio ehundar hahnemanndarrak edo CH diluzioak. Izan ere, Hahnemannek idatziz utzitakoaren arabera, erremedio bat hainbat eta eraginkorragoa da, zenbat eta diluituago egon. Ideia horien arabera, homeopatek tintura ama izenekotik abiatuz osatzen dituzte beren prestakinak: tintura ama mineral bat zein landare-erauzkinen bat izan liteke, esate baterako. 1 CH diluzioa egiten da tintura amaren bolumen bat hartuz eta 99 bolumen uretan diluituz. 2 CH diluzioa egiteko, 1 CH diluzioaren bolumen bat hartu eta 99 bolumen uretan diluitu beharko litzateke, eta, hala, behin eta berriro, gaur egun salgai dauden prestakinek izan ohi dituzten diluzioak lortuko lirateke: 10 CH, 30 CH, 200 CH eta abar.
Gainera, Hahnemannen arabera, erremedioak eragina izan dezan, diluzio guztiak indar handiz irabiatu beharko lirateke (sukusioa izenekoa). Azkenik, hala prestatutako disoluzioa laktosa- eta sakarosa-granuluen gainean lainoztatzen da, eta granuluok ontzitxoetan sartzen dira, farmaziatan saltzeko. Kontuan izanik 26 CH diluzio baten baliokide litzatekeela printzipio aktiboaren molekula bakar bat eguzkiaren tamainako esfera batean sartzen den uretan disolbatzea, zaila da ulertzea gaixotasun bat tratatu daitekeela disoluzio hori azukre-granuluetan lainoztatuta.
Egia da Hahnemannek arrakasta izan zuela hasiera batean (orduko medikuntza ez zegoen batere garatua, eta arriskutsua ere izan zitekeen), eta homeopatia Europan zehar hedatu zela azkar samar. Nolanahi ere, hurrengo bi mendeetan, ebidentzietan, saiakuntza klinikoetan eta aurrerapen zientifikoetan oinarrituta garatuz joan da medikuntza, eta gaur egun den bezalakoa izatera iritsi da hala. Homeopatia, ordea, ez da batere aldatu, Hahnemannek hausnartutako arauetan ainguratuta jarraitzen du. Zer esanik ez dago ez Hahnemannek ez haren garaikideek ez zituztela ezagutzen zientziak gaur egun oinarrian dituen hainbat alderdi —hala nola Avogadroren zenbakia—, zeinak homeopatiaren arau guztiak baliogabetzen baitituzte. Hala ere, homeopatiak bere horretan jarraitu zuen XX. mendearen lehen urteetan, Europan naziek eta amerikar senatari batzuek eman zioten babesari esker; adibidez, Royal S. Copeland-ek homeopatiaren aldeko zuzenketa garrantzitsuak sartu zituen lege batzuetan (Federal Food, Drug, and Cosmetic Act, 1938). Baina Bigarren Mundu Gerraren ondoren, zientzialari asko izan ziren homeopatiaren asmoak gutxietsi zituztenak.
Iraganetik gaur egunera
1988an abaila hartu zuen berriro ere homeopatiak, Nature aldizkari entzutetsuak Jacques Benveniste buru zuen artikulu bat argitaratu zuenean. Alergeno jakin batzuetan dauden antigorputzen eraginez globulu zuri batzuetan gertatzen den aktibazio-prozesuari buruzko hainbat esperimenturen xehetasunak ematen zituzten artikuluan, eta zehazten zuten antigorputzak ur-disoluzio oso diluituetan —homeopatikoen parekoak eta Avogadroren zenbakiaren mugatik haragokoak— zeudenean ere gertatzen zela aktibazio hori. Egileen arabera, ura antigorputzaren inguruan antola liteke, antigorputza eredutzat hartuz, hidrogeno-loturen antolamendu molekular jakin baten bidez (kimikariok cluster esaten diegu). Eta diluzio handietan antigorputza dagoeneko bertan ez dagoenean, urak haren egiturari eusten dio edo egitura "gogoratzen" du, eta globolu zuriaren aktibazioa eragiten du berdin-berdin.
Artikuluarekin batera, editoreak, John Maddox-ek, ohar bat argitaratu zuen, zeinetan artikuluarekiko zuen erreparoa adierazten baitzuen, eta, halaber, komunitate zientifikoak artikuluaren erroreak argitara emateko argitaratzen zuela esaten. Horrez gainera, editoreak lortu zuen Benvenistek onar zezan ikertzaile-talde independente batek esperimentuak berriz egitea haren laborategian. Lantaldeak diseinu-errore ugari aurkitu zituen, bai eta irizpide kritiko eta zuzentasun falta handia ere. Horiek denak kontuan hartuta, ezinezkoa izan zen esperimentua bere horretan errepikatzea. Nolanahi ere, homeopatia-sinestunentzat behin betiko geratu zen frogatuta urak substantziak gogorarazteko duen gaitasuna.
Zentzugabekeria, ordea, ez zen 2004an amaitu, Benvenisteren heriotzarekin; izan ere, Luc Montagnier frantses birologoak haren ordezkari izendatu zuen bere burua. Montagnierrek Medikuntzako Nobel saria irabazi zuen 2008an, GIBa aurkitzen egindako lanagatik, eta 2009an, artikulu bat argitaratu zuen, zeinetan uraren memoriaren aldeko proba zientifikoak aurkitu baitituzte homeopatiazaleek. Ikerketaren arabera, egiturazko eraldaketak jasaten ditu urak, patogeno batzuen DNArekin kontaktuan egon ondoren, eta eraldaketa nanoestruktural horiek uraren memorian gordeko lirateke eta uhin elektromagnetikoak emititzeko gai izango lirateke. Uhin horiekin jatorrizko mikroorganismoak birsortu ahal izango lirateke. Montagnierren arabera, helburu terapeutikoekin erabili ahal izango lirateke DNA jakin bat eduki duten disoluzio ultradiluituak, neuroendekapenezko gaixotasunak tratatzeko. Oraingoz, Montagnierren berrespenetako batek ere ez du zientzialarien adostasunik txikiena ere.
Uraren memoriaren hipotesiaren koherentziarik ezaren bereizgarrietako bat litzateke nola den posible memoria hori hain selektiboa izatea prestakin baten printzipio aktiboarekiko eta, era berean, bere bizitza osoan haren ingurutik pasatu diren molekula guztiez "ahaztea". Halaber, nola pasatzen den uraren memoria laktosa- eta sakarosa-granuluetara, zeintzuk diren printzipio aktibo horren azken errezeptoreak edo zein den uretan duen "irudia". Bestalde, frogatuta dago ur-molekulek osatzen dituzten egiturak edo clusterrak femtosegundo (10–15 s) gutxi batzuetan deuseztatzen direla. Beraz, hidrogeno-loturen berrantolaketa azkar-azkar horrek agerian uzten du uraren memoriaren hipotesiaren zentzugabekeria: nekez gogoratu ahal izango dute ezer egitura horiek.
Horren ondorioz, nabarmendu beharra dago homeopatiak, oraingoz, ez duela frogatu, ikerketa zientifiko zorrotzetan, plazeboa baino eraginkorragoa denik. Ez gara kasu bakanei buruz ari bakarrik, baizik eta metaanalisi zabalei eta ikerketa ugariren berrikuspen sistematikoei buruz. Hori da, azken batean, medikuntza eta sasimedikuntza bereizten dituena: ebidentzia zientifikoa eta saiakuntza klinikoak. Isaac Asimovek zioen bezala, edozer gauza sinestuko dut, berdin du zenbaterainoko erokeria den edo barregarria ote den, baldin eta horretararako ebidentzia baldin badago. Zenbat eta erokeria handiagoa edo kontu barregarriagoa izan, orduan eta sendoagoa izan beharko du ebidentzia horrek. Horregatik, guk ez dugu sinesten, eta inork ez luke sinestu behar.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia