}

Hizkuntzaren hastapenak

1999/03/14 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa

Noiztik hasten da ume txiki bat soinuetatik zentzua duten hitzetarako jauzia egiten? Ume txiki batek "aita" edo "ama" esaten duenean, badakigu zerbait aldatu dela. Une horretan bertan umeak hitz egiten du, hizkuntzaren munduan sartuz. Johns Hopkins Unibertsitateko zientzialari talde batek egin duen ikerketaren arabera, seigarren hilabetetik aurrera umeek zentzua duten hitzak esaten dituzte.

Orain arte umeak zentzudun hitzak esaten hasteko 8-10 hilabete behar zirela uste zen. Horrekin batera, bagenekien laugarren hilabetetik aurrera beren izenaz ere jabetuta zeudela, nahiz eta hitza zer den ez jakin.

Azterketa egiteko zientzialariek sei hilabeteko 24 ume erabili zituzteen. Umea aitaren edo amaren altzoan hartu eta bi telebistaren aurrean jarri zuten; batean aitaren irudia ateratzen zen, bestean amarena. Ahots sintetizatzaile baten bidez ikertzailek jakin ahal izan dute telebistan azaltzen zen irudiaren arabera, umeak soinu bat edo bestea egiten zuela, eta -gainera- irudi horren arabera, umeak denbora gehiagoz eusten ziola soinu berari.

Kontrako azterketa ere egin zuten, bere gurasoak ez ziren beste batzuen irudiak jarriz telebistan. Kasu honetan ahots-sintetizatzaileak erakutsi du soinuak errepikatzen baziren ere, iraupenean aurreko kasuan baino askoz ere txikiagoak zirela; hau da, ez zituztela gurasotzat deitzen. Ondorio gisara zera atera dute ikertzaileek: umeek seigarren hilabeterako badakite "aita" eta "ama" hitzen esanahia zein den, eta horrela ez diote beste inori deitzen.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia