Elhuyar zientziaren komunikazioa

Historiaren lekuko diren zuhaitzak

1987/02/01 Arregi, Krexen Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hauetako batzuk 4900 urte dauzkate. Gure planetako bizidunik zaharrenak dira. Kalifornian bizi dira zuhaitz hauek.

Zuhaitzak kaltetu gabe barne-eraztunei laginak ateratzeko teknika.

Hare ekaitzen erasopean, harriz jositako zoluan tinko diraute sekuladanik. Kalifornia eta Nevada artean dauden White Mountains delakoetan lurrean ezagutzen diren izaki bizidunik zaharrenak bizi dira: Pinu bizardunak ( Pinus aristata edo pinus longaeva ) alegia. Zuhaitz hauek 4000 urte inguru dauzkate eta hauen arteko zaharrenak 4900 bete ditu jadanik. Benetan marka ederra zuhaitz hauena, koniferoen batezbesteko bizia 200-300 urte ingurukoa dela kontutan hartzen badugu batez ere.Pinu hauek joan den mendeaz geroztik ezagutzen badira ere, White Mountains-eko hauek 1959.ean aurkitu eta datatu ziren.

Pinu bizardunak mendeetan zehar zoluari sendoki iltzatuak egon dira. Hala eta guztiz ere ez dira denbora luze horretan gehiegi hazi; luzeenak 7,50 metro besterik ez bait du neurtzen. Antza denez, pinu bizardunak 100 urtero 2,5 cm bakarrik hazten dira. Zergatik horren gutxi? Horretan datza bere zahartasunaren gakoa. Pinu bizardunaren zura erdi hilik dago, baina basamortuaren lehorra dela eta ez da usteltzen. Zenbait zelula bizirik mantentzen ditu beti zurgizenaren azpian. Honekin izerdiaren zirkulazioa segurtatu egiten du.

Bestalde, enborrek jasan behar izan dituzten baldintza klimatologiko eta ekologikoen zauriak eta orbainak markatuta dauzkate. Gainontzeko landareditik isolatuak bizi dira, 300 m-tik gora ia zolu lehorrean. Haizeen bidean dauden batzuk, lurrarekiko paralelo jarrita daude eta gainera higadurak agerian jarri dizkie sustraiak. Pinu bizardunen zahartasunak eta adaptaziorako duten ahalmen miresgarriak txundituta utzi ditu botanikariak. 1958.az gero pinu hauek babestuta daude eta ikerketa zientifikorako erabiltzen dira. Oso historia zaharra kontatzen duten liburu irekitzat har daitezke pinuak.

Pinuen eraztunetan beren bizitzan jasan dituzten aldaketa klimatikoak markatuta daude. Eraztunen kontaketak (jakina da urtero eraztun berri bat izaten dutela zuhaitzek), zuhaitzaren adina ematen du eta eraztun hauen lodierak zuhaitzak jasan dituen baldintza klimatikoak erakusten dizkigu. Beraz, eraztunak aztertuta posible da prehistoriatik hona egon den klimari igertzea. Gainera, hildako pinuen azterketa ere posible da. Basamortuaren lehorrak duela 9.000 urteko enborrak osorik mantendu ditu.

Pinu bizardunen azterketak, bigarren iraultza sortu du historiaurrearen kronologian. Lehenengoa erradiokarbonoaren bidezko datazioa izan zen. Pinu bizardunak esaterako, eguratseko karbono-14a konstante mantendu denaren hipotesia behera bota dute. Karbonoaren 14 pisu atomikoko isotopoaren portzentaiak azken 3500 urtetan bakarrik iraun du konstante.

Ihartuta daudela badirudi ere, sasoi onekoak dira.

Pinuen azterketaren bidez posbile izan da karbono-14arentzako kalibrazio-kurba bat egitea. Kurba hau erabilita, erradiokarbonoz erdietsitako adin-datuen doiketa egitea posible izango da. Horregatik aintzinako zenbait gertakizunen datazio berria egingo da eta baita kronologia berria ere; zeren eta adin-datu horietara iristeko eguratseko karbono-14aren proportzioak denboran zehar konstante iraun duela postulatu bait da.

Gure Ekain eta Altxerriko arbasoen garaikideak hor daude Kaliforniako mendietan historiaren lekuko mutu direlarik.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia