Zirimiriak hartua du eguna; paisaia zirraragarria da, eta mendiak, baratzeak eta landaredia auzoko zirrikitu guztietatik barreiatzen dira. Patio txiki ugari daude, denak loreontzi zainduz beteak, baita fruta-arbolaz ere. Emakume bat, haur-kotxe batekin, errepidetik dator aldapan gora, ez baitago espaloirik.
«Jendeak ez du ekologian edo arkitekturan aditua izan beharrik bere auzoa birdiseinatzeko»
Auzoa mendi-hegal maldatsu batean eraikita dago, eta auzoaren maila desberdinak zementuzko eskaileren bidez lotuta daude; eskailera horiek auzoaren oinarriaren parte dira. Eskaileretan barneratu gara, gora eta behera, jolasean bezala. Uretamendiko eskaileretatik gora goazela, Amaiak geldiunetxo bat egin du, arnasa hartzeko. Aldapa pikoa da, Bilboko periferia osoan bezala. Amaia aihen-belar batek estalitako harrizko horma bati begira dago. «Hemen, duela berrogeita hamar urte, gure gurasoek ura auzora ekarri zuten; elkarrekin lan eginez, auzolanean», oroitzen du harrotasunez.
Gaur egun, ordea, klima-aldaketara egokitzeko hirigintza berdeaz hitz egiten digutenean, lehen-lehenik parke ikusgarri bat etortzen zaigu burura, edo ‘naturan oinarritutako irtenbideak’, arkitektura-estudio batek edo bulego batek diseinatuak. Baina zein neurritan izango dira baliagarriak gure auzoetako bizitza eraldatzeko proposatzen diren irtenbide teknokratiko horiek, bertako bizilagunen ahotsari eta historiari jaramonik egiten ez bazaio? Instituzioen zurruntasunak eta burokraziak asmo onenak zapuztu ohi dituzte.
Inertzia hori eteteko, BC3tik IntegrateNbS proiektu europarra garatu dugu Uretamendi, Betolaza eta Ingurabidea auzoetan. "Laborategi integratzaileen" bidez, naturan oinarritutako irtenbideak elkarrekin diseinatzen aritu gara, auzotarren, adituen eta Bilboko Udaleko eragile instituzionalen ahotsak aintzat hartuta. Lehenik eta behin, auzoaren "memoria biokulturala" berreskuratu dugu, lan-tresna gisa erabiltzeko.
Ura eta Mendia kartografia kolektiboan, ingurunearekiko harremanak denboran zehar izandako aldaketei lotutako komunitatearen mugarri garrantzitsuak jaso genituen: Arraiz mendiko suteen aurkako auzotarren elkarlana, uraren kudeaketa historikoa eta belaunaldiz belaunaldi zaindutako baratzeak. Eta zer ikasi dugu mahai beraren bueltan zientzialariak, funtzionarioak, profesionalak eta herritarrak eseri garenean? Jendeak ez du ekologian edo arkitekturan aditua izan beharrik bere auzoa birdiseinatzeko; nahikoa da haiei espazio eta tresna egokiak ematea.
Parte hartzeko saioen bidez, hainbat ideia proposatu genituen: saltokietako pertsianak auzoaren historiaren kontakizun grafiko bihurtzea, auzoko eskailera bat komunitatearen balioak erakusteko baliatzea eta erabiltzen ez diren espazioak birdiseinatzea, haietan topaleku lasaiak sortzeko, loreontzi handiz hornituak, gazteak eta adinekoak elkarrekin egon daitezen eta ezagutzak trukatzeko aukera izan dezaten.
Klima-aldaketari aurre egiteko irtenbiderik eraginkorrenak ez dira bulegoetan sortzen, baizik eta komunitate batean bertako ezagutza eta elkarren zaintza sustatzean. Auzo batek bere balioak inguruan islatuta ikusten dituenean, hura babesteko duen konpromisoa nabarmen areagotzen da. Orain, galdera geure buruari eta instituzioei egin behar diegu: gai izango al gara esperientzia partizipatibo horiek udal-politiketan txertatzeko?
Violeta Furlan
ikertzailea
Violeta Cabello
ikertzailea