Hiltzaile izateko jaioa
2009/11/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
2007ko martxoaren 10ean, Walter Felipe Novoa hil zuen Abdelmalek Bayoutek. Azken honek aitortu zuenez, Novoak iraindu egin zuen, begiak kohl-ez margotuta zituelako. Bayoutek erlijioa zela eta margotzen zela azaldu zion, eta, eztabaidan, hil egin zuen.
Epaiketan, Bayoutek hilketaren unean burua nahasita zuela adierazi zuen abokatuak, eta zigorra ezartzean aintzat hartzeko eskatu zuen. Epaileak, Paolo Alessio Vernìk, hiru psikiatrarekin kontsultatu ondoren, abokatuaren eskaera onartu zuen, eta 9 urteko eta 2 hilabeteko zigorra ezarri zion; hau da, burua ondo zuela erabaki izan balute baino 3 urte gutxiagokoa.
Ez zen horretan geratu kontua, ordea. Aurtengo maiatzean, Triesteko epaile batek, Pier Valerio Reinottik, beste txosten psikiatriko bat egiteko eskatu zuen, zigorra are gehiago arintzeko aukerarik ba ote zegoen ikusteko.
Bi neurologok egin zuten bigarren txosten hori, Pietro Pietrinik eta Giuseppe Sartorik; haien arabera, Bayouten geneek jokabide erasokorra izatera bultzatzen zuten, zirikatutakoan. Gene horietako bat MAOA neurotransmisorearen genea zen; hain zuzen, beste ikertzaile batzuek ere lotzen dute gene hori indarkeriazko jokaerarekin.
Geneek pertsona nolakoa den agintzen dutela dioen ideiari determinismo genetikoa deitzen zaio. Geneen agintea argi dago kasu batzuetan: 21 kromosomaren bi kopia izan beharrean hiru kopia dituzten pertsonek Down sindromea dute. Agerikoa da baita herentziazko gaixotasunetan edo mutazioren baten ondoriozkoetan, eta begi urdinak edo larruazal iluna izatea ere geneetan dago... Baina, pertsonen jokabidea ere geneen menpeko da beti? Deterministen ustez, bai.
Eta Pier Paolo Reinotti epaileak ere hori uste du; bai, behintzat, Bayouten kasuan, eta neurologoen txostenean oinarrituta. Horregatik, urtebete laburtu zion zigorra. Alabaina, denak ez daude ados erabakiarekin, ez kalean, ezta zientzialarien artean ere.
Geneen erabateko agintea, zalantzan
Nature zientzia-aldizkariak Giuseppe Novelli genetista eta auzitegiko zientzialariari kontsultatu dio, eta, haren esanean, MAOAren testak alferrikakoak eta garestiak dira. Azaldu duenez, MAOA genearen eraginari buruz egin diren ikerketetan ikusi dute eragina asko aldatzen dela etniaren arabera. Pietrinik eta Sartorik, baina, ez zuten aintzat hartu alderdi hori.
Pietrinik Nature- ri erantzun zion MAOAren genea bat besterik ez zela. Eta zientzialariek beste gene batzuk ere lotzen dituzte jokabide erasokorrarekin, adibidez, serotoninaren garraiatzailearena. Baina horren eragina ere ez da pertsona denetan eta beti berdina; aitzitik, ingurune-faktoreen araberakoa da. Eta geneek eta inguruneak jokabidean nola eragiten duten gero eta hobeto ezagutzen den arren, oraindik alderdi asko daude argitzeko.
Familia-historiak eta bikiekin egindako ikerketek, adibidez, herentziaz jasotako geneen, ingurunearen eta indarkeriaren arteko lotura baieztatzen dute, Terrie Moffitt genetistak Nature n azaldu duenez. Hori baino gehiago ere esan du, hala ere: "Gure familia-historiari buruz dakigunak ez du gutxitzen erabakiak hartzeko dugun ardura".
Are garbiago azaldu du beste genetista batek, Steve Jonesek: "Hiltzaileen % 90ek Y kromosoma dute (alegia, gizonezkoak dira). Hortaz, zigor txikiagoak jarri behar zaizkie Y kromosoma dutenei?"
Gara -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia