Hesteetako bakterioak, yo-yo efektuaren eragile saguetan
2016/11/24 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nature aldizkarian argitaratutako artikulu batean eman dute esperimentuaren berri. Ikertzaileen esanean, obesitatea osasun-arazo handienetako bat da gaur egun, eta orain arte hartu diren neurriek ez dute emaitza onik izan. Adibidez, ikusi dute dieta egitea ez dela eraginkorra, hamarretik zortzik berehala berreskuratzen baitute galdutako pisua. Are gehiago, askotan, lehen baino kilo gehiago pisatzera iristen dira dieta egindakoak, eta, horrekin batera, zituzten arazo metabolikoak ere larriagotu egiten dira. Yo-yo efektua deitzen zaio horri, eta orain arte ez zuten garbi zer zegoen horren oinarrian.
Hesteetako mikroorganismoek metabolismoan eta obesitatean garrantzia handia dutela jakitun, Weizmann Institutuko ikertzaileek horri jarri diote arreta, eta hainbat esperimentu egin dituzte, obesitatea eta argaltzea ikertzeko erabiltzen diren saguekin.
Esperimentu horiei esker, frogatu dute dieta egiteak aldaketak eragiten dituela hesteetako bakterioetan, eta aldaketa horiek iraunkorrak direla. Horrez gain, dietaren ondorengo mikrobiotak kiloak berreskuratzean eragina duela frogatu dute. Horretarako, dieta egin ondorengo saguen mikrobioma transplantatu diete sagu arruntei, eta ikusi dute azken hauek gizendu egiten direla eta arazo metabolikoak garatzen dituztela, transplantatutako mikrobiotaren eraginez.
Horretan guztian oinarrituta, mikrobiotaren osaeraren arabera dieta egin duen saguak zenbat kilo hartuko dituen aurreikusten duen eredu bat garatu dute ikertzaileek, eta espero dute baliagarria izatea yo-yo efektua eragozteko estrategiak diseinatzeko.
Edonola ere, ikertzen jarraitu behar dutela aurreratu dute, ez baitakite saguetan frogatutakoa pertsonetan ere horrela gertatuko ote den.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia