Heroi eroria
2006/01/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Teorian, zientzia-aldizkariek kontrol zorrotzak dituzte ikerketak egiazkoak direla baieztatzeko. Horietan ezin du edonork argitaratu artikulu bat. ikerketak garrantzitsua izan behar du, hainbat adituren azterketa pasatu behar du eta, azkenean, oniritzia jasotzen badu, argitaratu egiten da. Argitaratzen den artikulu bakoitzeko, beste asko alboratzen dira. Aldizkariaren ospea eta sinesgarritasuna dago jokoan.
Baina Hwang Woo-sukek ondo ezkutatu zituen datu faltsuak. Hala, Science - k behin bakarrik ez, bitan argitaratu ditu giza zelulen klonazioari buruzko Hwang Woo-suken lanak.
Lehenengoa 2004an izan zen. Orduan, lehen aldiz giza enbrioi bat klonatzea lortu zuela azaldu zuen, eta enbrioi horretatik abiatuta zelula amak hazi zituela ere bai. Zelula horiek oso baliagarriak izango lirateke, beste edozein zelula-mota bilakatzeko aukera izango luketelako. Horiekin, orain sendaezinak diren hainbat gaixotasun sendatzeko modua egongo litzateke. Behintzat, itxaropen hori zuten ikertzaileek.
Artikuluak hautsak harrotu zituen zientzialarien artean, eta, noski, komunikabideak ez ziren albo batera gelditu. Izan ere, albistea ez zen nolanahikoa: denek itxaroten zutena lortu zuen ikertzaile korearrak. Hori bai, askorentzat muga etikoa gainditu zuen. Hain zuzen ere, enbrioi klonatu bat sortzeak eragiten dituen arazo etikoengatik,galarazita dago halako ikerketak egitea herrialde askotan.
Loria handiko egunak
Dolly, lehen ardi klonatua, ospetsu egin zen mundu osoan. Argazkian, bere arkumearekin.
(Argazkia: Roslin Institutua)
Eztabaidak eztabaida, teknikoki aurrerapen ikaragarria zen, inork ez baitzuen ordura arte giza enbrioi bat klonatzea lortu. Ardiak , txerriak, zaldiak... hainbat animalia-espezie klonatzea lortu dute azken urte hauetan ikertzaileek, eta horietako bakoitzean komunikabideek arrakastaren berri eman dute.
Baina gizakiarengandik hurbilen dauden espezieekin, primateekin alegia, ez zen emaitza onik lortzen. Horregatik ez da harritzekoa hainbesteko zalaparta eragitea giza enbrioi bat klonatzea lortu dela iragartzeak. Hwang Woo-suken izena mundu osoan egin zen ezaguna, eta bere herrialdean, Korean, heroi bihurtu zen gauetik goizera.
kertzaileak lortutako ospea ez zen zimeldu denborarekin, 2005ean beste ikerketa arrakastatsu bat plazaratu baitzuen aurrekoari jarraituz, Science aldizkarian berriro ere. Ordukoan, hamaika pazienterekin bateragarriak ziren zelula amak lortu zituela azaldu zuen. Hori egia izango balitz, aurrerapauso handia izango litzateke klonazio terapeutikoaren bidean, posible izango bailitzateke gaixoen neurrira egindako zelula amak sortzea.
Are gehiago: Hwang Woo-sukek adierazi zuenez, zelula amen lerro bakoitza lortzeko 20 obulu bakarrik erabili zituen. Horren arabera, izugarri hobetu zuen zelula amak sortzeko teknika, orain arte beste ugaztunetan 100-200 obulu behar izan baitituzte zelula amen lerro bakarra lortzeko.
Susmoak eta epaia
ErrinoSnuppy ondoan duen txakurraren klona da, hau da, haren kopia genetikoki.
(Argazkia: Hwang Woo-Suk)
Iruzurrak joan den hilera arte iraun zuen. Abenduan, Hwang Woo-suken 2005eko ikerketetan datu faltsuak zeudela adierazi zuten ikerketa horretan parte hartu zuten hiru zientzialarik.
Haietako batek, Seulgo ospitaleko ugalketa-zerbitzuko mediku batek, esan zuen Hwang Woo-sukek aitortu ziola datuak asmatu egin zituela. Ez zituela pazienteekin bateragarriak ziren zelula amak lortu. Beste batek esan zuen Hwang Woo-sukek irudiak faltsutzeko eskatu ziola, eta hirugarrenak bere izena argitaratutako artikulutik kentzea eskatu zuen, ikerketa faltsua zela susmatzen zuelako.
Adierazpen horiek sekulako iskanbila eragin zuten. Ikerketak Seulgo Unibertsitatean eginak zirenez, ikerketa sakona egingo zuela agindu zuen. Erakunde horrek orain eman du azken epaia. Hori baino lehen, ordea, Hwang Woo-sukek bere erruduntasuna aitortu zuen eta dimisioa aurkeztu zuen.
Nolanahi ere, unibertsitateak frogatu du zertan esan zuen gezurra, zer datu asmatu zituen, bai eta zertan ez zuen gezurrik asmatu ere. Izan ere, 2005ean beste ikerketa bat ere plazaratu zuen, Nature aldizkarian. Txakur bat klonatzea lortu omen zuen. Eta hori behintzat egia dela frogatu dute. Dena ez zen gezurra, beraz.
LezioaAuzi horrek agerian utzi du batzuk izugarri arriskatzeko prest daudela ospea lortzearren. Hwang Woo-sukek bazekien beste ikertzaile batzuk saiatuko zirela berak egindako ikerketak berregiten, eta edozein unetan gerta zitekeen norbait konturatzea zerbait ez zegoela ondo. Edo, gertatu den bezalaxe, ikerketa-taldeko norbaitek egia esateko arriskua zegoen. Hala eta guztiz ere, Hwang Woo-suk iruzur egitera ausartu zen. Eta azkenean harrapatu egin dute. Deigarria da bi zientzia-aldizkari ospetsuenei zein era desberdinean eragin dien kontu honek. Izan ere, Science -n argitaratutako bi lanak zirraragarriak ziren, baina biak ere gezur galantak. Nature -n azaldutakoa apalagoa zen, baina behintzat egiazkoa. Zalantzarik gabe, zientzialariek ondorioak aterako dituzte, eta zientzia-aldizkariek ere ondo ikasiko zuten lezioa. |
Deia-n argitaratua.