}

Hegaztien lumei buruzko bideo batek irabazi du On Zientzia bideo-lehiaketa

2010/11/10 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Cosas de pájaros. La pluma da On Zientzia bideo-lehiaketa irabazi duen bideoaren izenburua, eta Daniel Morcillo Garrido egilearen izena. Sari-banaketa atzo izan zen, Chillida Lekun, eta aretoa lepo bete zen bideo saridunak ikusteko.

Atzean, On Zientzia lehiaketako epaimahakideak: Alberto Gorritiberea, Onintze Salazar, Beñar Kortabarria, Marian Iriarte eta Enrique Zarate. Eta aurrean, saridunak eta antolatzaileen ordezkariak: Sergio Rodríguez, Nerea Blanco, Pedro Miguel Etxenike (DIPC), Igaratza Fraile (Iñigo Onandiaren ordez), Itziar Nogeras (Elhuyar Fundazioa), Daniel Morcillo eta Wiwat Nuansing.

Hunkiturik zegoen Daniel Morcillo sariarekin, eta jasotako txaloekin. Biologoa eta II. hezkuntzako irakaslea da Morcillo, eta eskerrak eman zizkien antolatzaileei, Elhuyarri eta DIPCri, "afizionatuei halako lehiaketa batean parte hartzeko aukera emateagatik".

Lumek zertarako balio duen erakusten du bideoan Morcillok, irudi ederren bidez, eta ikuslea "harrapatzen" duten adibideekin. Batzuk, seguru aski, ezezagunak zaizkie ikusle askori. Hain zuzen ere, ezaugarri hori nabarmendu du On Zientzia bideo-lehiaketaren epaimahaiak: "Objektu itxuraz arrunt batetik abiatuta, gauza berriak kontatzeko gai izan da lan hau. Luma 'soil' bati heldu, eta amaieraraino harrapatzen du ikuslea kontakizunaren indarrak eta kalitateak". Morcillok 3.000 euroko saria jaso du lan horregatik.

1. SARIA
Cosas de pájaros. La pluma .
Egilea: Daniel Morcillo

Sari nagusiaz gain, beste hiru banatu ziren atzoko ekitaldian. Bigarren saria Nerea Blancok eta Sergio Rodríguezek jaso zuten, Efecto Doppler y el radar izeneko bideoagatik. Epaimahaiaren hitzetan, baliabide gutxi eta irudimena erabilita, ondo marraztutako bideoa da, eguneroko bizitzarekin oso lotua. Radar baten ondotik pasatzen garen bakoitzean beti gogoratzeko modukoa. "Zentro teknologiko handiekin alderatuta, inolako aukerarik ez genuela pentsatzen genuen. Baina arriskatu egin ginen", zioen Rodríguezek.

2. SARIA
Efecto Doppler y el radar.
Egileak: Nerea Blanco eta Sergio Rodríguez

Hirugarren saria hitzez hitz dator bat On Zientzia lehiaketa barne hartu duen ekitaldi-sortaren leloarekin: Passion for Knowledge . Izan ere, hori bera da epaimahaiak azpimarratu duen ezaugarri nagusia eta saria emateko arrazoia: bideoak eta egileak erakusten duten zientziarekiko grina. Horregatik, eta bideoaren originaltasunagatik, hirugarren saria jaso du Wiwat Nuansingen Science on the way lanak. CIC nanoguneko ikertzailea da Nuansing, thailandiarra jatorriz, eta honela mintzatu zen saria jaso ondoren: "DIPC-ri eskerrak eman nahi dizkiot, hari esker jakin baitut Donostia, benetan, zientzia-hiria dela".

3. SARIA
Science on the way
Egilea: Wiwat Nuansing

Hiru horiek ziren lehiaketaren sari nagusiak, baina On Zientzia lehiaketaren epaimahaiak aipamen berezia egin dio Azti-Tecnaliako ikertzaile Iñigo Onandiak aurkeztutako bideoari ere. Pescando en la ciencia da bideoaren izenburua, eta, aipamen berezi horrekin, ikerketa-zentroen dibulgatzeko ahalmena eta ahalegina saritu nahi izan ditu epaimahaiak. Onandia Norvegiako itsasoan ari da lanean egun hauetan, eta ezin izan zuen saria zuzenean jaso; haren ordez lankideak arrantzaleak izan zituen gogoan, "haien ontzian hartzen gaituztelako. Haiek gabe ezinezkoa litzateke bideo hau".

AIPAMEN BEREZIA
Pescando en la ciencia.
Egilea: Iñigo Onandia

Parte-hartze ugaria eta anitza

Bost lagunek osatu dute On Zientzia bideo-lehiaketaren epaimahaia: Enrique Zarate, Passion for Knowledgeren Hiriko ekintzen arduraduna; Marian Iriarte, EHUko Gipuzkoako Campuseko kanpo-harremanetarako zuzendaria; Alberto Gorritiberea, zinema-zuzendaria; Onintze Salazar, Euskalmeteko fisikaria, eta Beñar Kortabarria, Teknopolis telebista-saioaren zuzendaria.

Lan handiak izan dituzte saridunak aukeratzeko. Izan ere, bideo asko aurkeztu dira lehiaketara, eta askotarikoak izan dira gaiak, ikuspegiak eta parte-hartzaileak: ikasleak, irakasleak, zentro teknologikoetako ikertzaileak, ikus-entzunezkoetako profesionalak...

Guztira, 50 bideok hartu dute parte On Zientzia lehiaketan; horietatik, 37 Euskal Herritik iritsi dira; 8, Herrialde Katalanetatik; 2, Berlindik, eta bana Cambridge, Sevilla eta Tenerifetik. Hizkuntzari dagokionez, euskaraz 10 bideo jaso dira; gaztelaniaz, 35; ingelesez, 4, eta bat hiru hizkuntzetan.

Atzo, saridunak bezain pozik zeuden antolatzaileak ere. Lehiaketa martxan jarri zutenean, ez zekiten oso ondo nolako harrera izango zuen halako sariketa batek, eta arrakasta ikusita, bigarren edizio bat egiteko gogoz daudela adierazi zuten Elhuyar Fundazioa eta Donostia International Physics Center erakundeetako ordezkariek.

Bideo saridunak, finalistak eta parte-hartzaile guztiak http://www.onzientzia.tv/ webgunean daude.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia