}

Hautsezko errota bat, izar handien heriotza ikertzeko

2018/11/19 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

hautsezko-errota-bat-izar-handien-heriotza-ikertze
Arg. Sydneyko Unibertsitatea/ESO

Hautsezko errota bat aurkitu dute gure galaxian. Bizitzaren azken fasean dauden masa handiko bi izarrek sortzen dute, eta jaurtitzen duten gasaren eta hautsaren abiadura neurtuta, ikertzaileek ondorioztatu dute gutxienez bietako batek gamma-izpien eztandak sor litzakeela, supernoba gisa lehertzen denean. Nature Astronomyn eman dute aurkikuntzaren berri.

Apep jarri diote izena izar-sistemari. Lurretik 8.000 argi-urtera dago, eta ikertzaileak harrituta daude, hain distiratsua izanik, nola ez duten lehenago aurkitu. Wolf-Rayet izarrak dira, bizitzaren azken fasean dauden masa handiko izarrak. Hautsezko eta gasezko haizeak jaurtitzen dituzte, eta hauts horrek izarrak inguratzen dituen laino erraldoia osatzen du, hainbat argi-urteko zabalerakoa. Izarren mugimenduagatik, errota-itxura hartzen du hauts-lainoak.

Apep sistemaren nebulosan gas-haizeek sekulako abiadurak hartzen dituztela neurtu dute: 3.400 km/s-koak. Hautsa, berriz, askoz motelago mugitzen da, 570 bat km/s-ra. Abiadura-desberdintasun horren arrazoia izan liteke bi izarretako bat oso azkar biratzen aritzea. Eta oso azkar biratzen duten Wolf-Rayet izarrek lehertzean iraupen handiko gamma-izpien eztandak sor ditzaketela uste da. Unibertsoan gertatzen diren fenomeno energetikoenetakoak dira gamma-izpien eztanda, eta haien jatorria ez da ongi ezagutzen. Edonola ere, Apep oso baliagarria izango da masa handiko izarrak nola hiltzen diren ikertzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia