Haurraren sexua hiru aste baino gutxiagoko haurdunaldian antzeman daiteke
2002/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Haurdunaldiaren hasierako faseko hormonetan eragina du gero jaioko den haurra neska edo mutila izateak. Orain, desberdintasun hori 16 eguneko haurdunaldian ere ikus daiteke.
Zientzialari israeldarrek frogatu dutenez, HCG hormonen kopurua, —emakumezkoen odol edo urean dagoen hormona, haurdun dagoen ala ez adierazten duena— % 50 handiagoa da fetua neska bada.
Haurdunaldiaren hasieran HCGaren funtzioa gorputz luteoaren eginbeharra mantentzea da, plazentak funtzio hori bere gain hartzen duen arte. Gorputz luteoa estrogenoa eta progesterona hormonak jariatzen dituen aldi baterako egitura da.
Ikerketa haurdun zeuden 347 emakumezkoen artean egin zen, haurdunaldiko 14. eta 20. egunen artean. Hiru asteren buruan ikusi zuten haurra neska zuten emakumeen HCG-maila % 18,5 handiagoa zela mutila zutenena baino.
Hala ere, aurreikuspen hori ez da nahikoa haurraren sexua segurtasunez bereizteko, eta, orain, geneekin erlazionaturiko beste zenbait desberdintasun goiztiar atzeman nahian dabiltza.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia