Elhuyar zientziaren komunikazioa

Haur potolotik heldu gizenera

2010/07/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Britainia Handian haurren osasunaz arduratzen den erakunde batek emaitza harrigarri bat eman du argitara: haurren gizentasuna ez da kirol edo ariketa fisikoaren gabeziaren ondorio. Egiaztatu dute kausa-efektu erlazioa alderantzizkoa dela; hau da, haur gizenek ez dute ariketa fisikorik egiten, gizenak daudelako.

EarlyBird Diabetes izena du ikerketa egin duen erakundeak, eta 11 urtez eskola-haurrei jarraipena egin ondoren argitaratu dituzte emaitzak. Aurrez, 2009an, haur obesoen pisua ariketa fisikoaren bidez gutxitzeko egin diren esperimentu guztien berrikusketa bat egin zuten, eta ohartu ziren hiru urtean 90 gramo baino ez zutela galdu, batez beste.

Zer da lehenago, ariketa fisiko gutxi egitea edo gizena izatea? Haurretan bigarrena gertatzen dela frogatu dute.

Erakundeko ikertzaileek horren zergatia ezagutu nahi izan zuten. Jakina denez erlazio zuzena dagoela haur-obesitatearen eta ariketa fisikoaren gabeziaren artean, galdera honi erantzuten saiatu dira: zer da lehenago, ariketa eza edo obesitatea? Erantzuna Archives of desease in Chilhood aldizkari espezializatuan argitaratu dute, eta, hasieran aipatu bezala, ikerketaren arabera, ariketa fisikoak ez du eraginik pisu-aldaketan; aldiz, gehiegizko pisua izateak ariketa fisiko gutxiago egitea ekartzen du.

EarlyBird Diabetes erakundearen iritziz, horrek ondorio nabarmenak ditu osasun publikoan. Izan ere, haurrak heldu osasuntsu bilaka daitezen, funtsezkoa da nahiko ariketa fisiko egitea haurtzaroan, eta hori ezingo da lortu obesitate-tasa gutxitzen ez den arte.

Lehenago egindako ikerketetan, EarlyBird Diabetesekoek frogatu dute obesitaterako joera haurrak artean oso txikiak direla hasten dela (eskolara joaten hasi aurretik), eta, askotan, zuzenean erlazionatuta dagoela sexu bereko gurasoaren obesitatearekin.Orain, ariketa fisikoa ez egiteak obesitatean eraginik ez duela jakinda, arreta elikaduran jartzea proposatzen dute. Hain zuzen ere, haurrek jaten dutenaren kaloria-dentsitatea eta kantitatea edo neurria obesitatearen eragile nagusiak direlakoan daude, edari azukredunekin batera.

Adin guztietan, leku gehiagotan

Dena dela, obesitatea ez da ez haurretara ez Britainia Handira mugatzen, eta beste zenbait herrialdetan ere aztertzen ari dira zer neurri hartu behar den arazoari aurre egiteko. Adibidez, Estatu Batuetako Nekazaritza Sailak azterketa bat egin du ikusteko nola eragingo zuen obesitatean edari azukredunen gaineko zergak igotzeak.Zehazki, edari horien prezioa % 20 igotzea proposatu dute, eta lehengo prezioan uztea kaloriarik gabeko edariak, tea eta kafea, ura, esnea eta zuku batzuk.

Emaitzak esanguratsuak dira: batez beste, helduek 37 kilokaloria gutxiago hartuko lituzkete egunean, eta haurrek, berriz, 43 kilokaloria gutxiago. Horren arabera, heldu bakoitzak 1,75 kg galduko lituzke urtean, eta haur bakoitzak, 2 kg. Obesitatearen prebalentzia zenbat jaitsiko litzatekeen ere kalkulatu dute: % 33,4tik % 30,4ra helduetan, eta, haurretan, gehiegizko pisua izateko arriskua % 32,2tik % 27ra jaitsiko litzateke, eta obesitatearen prebalentzia % 16,6tik % 13,7ra.

Horrenbestez, badirudi edari horien prezioa igotzea eraginkorra izan daitekeela obesitateari aurre egiteko. Hala ere, ikertzaileek berek adierazten dute neurri bakanak ez direla nahikoak, inondik inora ere. Esaterako, Estatu Batuetan bertan, 2006an, gozokien eta freskagarrientelebista-iragarkiak gutxitzea erabaki zuten.

Orain, Illinoisko eta Chicagoko Unibertsitateek egindako ikerketa baten emaitzak argitaratu dituzte. 2003tik 2007ra haurrek zer iragarki ikusi dituzten aztertu dute, eta frogatu dute lehen baino % 30 inguru gutxiago ikusten dituztela produktu horien iragarkiak. Hori bai, zabor janarien iragarkiak lehen baino % 12 eta % 20 gehiago ikusten dituzte (lehena 2-5 urteko haurren datua da, eta bigarrena, 12-17 urtekoena). Arazo potoloa, zinez.

Gara -n argitaratua

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia