}

Harri-pilak egiteak kalte egiten die leku horretako bizidunei

2020/05/28 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

harri-pilak-egiteak-kalte-egiten-die-leku-horretak
Arg. Efraimstochter / Pixabay

Izugarri hedatzen ari da ingurune naturaletan harri-pilak egiteko ohitura. Ikertzaile-talde batek berretsi du ohitura hori kaltegarria dela hainbat animalia eta landare-espezierentzat, eta ohartarazi dute desagertzeko arriskuan dauden espezieak daudela, tartean.

Izan ere, nonahi egiten dira harri-pilak, baita babestutako eremuetan ere, Human Wildlife Interactions aldizkarian argitaratu duten lanean azaltzen dutenez. Jarduera horrek lekuko ekosistemei nola eragiten dien aztertu dute eta ikusi dute harri-altxatze horrek aldatu egiten duela babesleku gisa harriak erabiltzen dituzten animalia- eta landare-espezieen habitata, eta espezie horiek harri horiei lotutako mikroklima-kondizioen mende daudela.

Harriek tenperatura- eta hezetasun-kondizio bereziak sortzen dituzte, eta kondizio horiek funtsezkoak dira, esaterako, intsektu, barraskilo eta armiarmentzat; gainera, harrien kokapenak eragina du harraparien eta harrapakinen arteko dinamikan edo lehiakideen artean. Horrez gain, harriak altxa eta mugitzean lurra higatzen da, eta landareak kaltetzen dira. Horrek guztiak desorekak sortzen ditu ekosistemetan.

Ikertzaileek mesedez eskatzen dute ingurune naturaletara joaten garenean halako egiturarik ez eraikitzeko, eta “ez utzi arrastorik” filosofiari jarraitzeko. Aldi berean, agintariei eskatzen diete eginda dauden harri-pilak desegiteko; eta heziketa-kanpainak abiatzeko, harriak hainbat espezierentzat zein garrantzitsuak diren, eta harri-pilak egiteak nolako kalteak eragiten dituen erakusteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia