}

Hamar mila urte zerria janez

1994/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Turkiako hego-ekialdean Hallan Cemi izeneko aztarnategi prehistorikoan arkeologo-talde batek garia, zerealeak, ardiak eta ahuntzak topatzea espero zuen. Horien ordez basurde heziak aurkitu dituzte. Hezitako zerriak zirela haginen tamainak salatu du. Hondakinak orain dela 10.400 eta 10.000 urte-bitartekoak dira eta badirudi abelazkuntzatik jateko haragia lehenbizi zerriak eman zuela.

Turkiako hego-ekialdean Hallan Cemi izeneko aztarnategi prehistorikoan arkeologo-talde batek garia, zerealeak, ardiak eta ahuntzak topatzea espero zuen. Ez dute horrelakorik aurkitu ordea. Horien ordez basurde heziak aurkitu dituzte. Hezitako zerriak zirela haginen tamainak salatu du. Aztarnategiko hondakinak aztertuta, garbi ikusten da garai hartako gizakiak jateko zerrikume arrak estimatzen zituztela. Hondakinak orain dela 10.400 eta 10.000 urte-bitartekoak dira eta badirudi abelazkuntzatik jateko haragia lehenbizi zerriak eman zuela.

Orain arte uste zenez, ahuntza zen lehenbizi gizakiak hezitako espeziea (Ekialde Hurbilean duela 9.500 urte), baina aurkikuntza honek gauzak aldatu egin ditu. Orain dela gutxienez 12.000 urte otsoa hezi eta zakurra gizakiaren lagun bihurtu zen. Badirudi zibilizazio batzuetan zakurra jan egiten zutela, baina horrelakorik oso bakan gertatzen zen. Ardia berriz, duela 8.500 urte inguru hezi zen Ekialde Hurbilean, eta behia duela 8.000 urte.

Katua bestetik, Txipren orain dela 8.000 urte hezi zen eta zaldia duela 5.800 urte Itsaso Beltzaren inguruan. Astoa, berriz, Mesopotamian eta Nilo ibaiaren deltan orain dela 5.000 urte hezitakoa da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia