Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?
1979an hasita, bi urteko egonaldia egin nuen Ameriketako Estatu Batuetan.
Kimika-ikasketak bukatuta, ia bost urte neramatzan EHUko Zientzia Fakultatean lanean, eta, arrazoi ugari direla eta, urte haietan —1970eko hamarkada— ikerketak ez zeukan unibertsitate batean eduki beharko zukeen lekua. Horregatik, aukera izan nuenean, puntako ikerketa-zentro batera joateko aukera etorri zitzaidanean, hara joan nintzen, AEBko Oak Ridge laborategira.
Mundu berria zen, alde guztietatik: lana antolatzeko modua, bitarteko teknikoak eta humanoak, ideiak garatzeko eztabaidak... dena zen desberdina. Aurretik liburuetan edo aldizkarietan baino ikusten ez nituen teknikak han zeuden, errealak ziren, eta nire zain zeuden. Saiatu nintzen ahalik eta gehiena ikasten eta neureganatzen.
Atera nuen ondorioa zera izan zen: Euskal Herrian zientziaren eta teknologiaren arloetan ikerketa egin nahi bada, beharrezkoa da puntako ikerketa egiten den tokietara joatea eta nola egiten den ikastea —xurgatzea—. Zorionez, denborarekin, ikusi da nola gero eta jende gehiago joaten den erbesteko zentroetara, nola sendotu diren beste ikastegi eta ikertegi batzuekiko harremanak, nola ugaritu diren kolaborazioak... Azken urteotan, Euskal Herrian, ikerketa-zentroak sortu dira, unibertsitate publikoak ikerketa-gune bilakatu dira, eta ikusten da nola etortzen diren beste zentro batzuetatik ikustera eta ikastera ikerketa hemen nola egiten den.
Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke?
Bada, zientziaren egoera ikusita, nahiko nuke mekanika kuantikoa eta erlatibitatea bateratuko lituzkeen Guztiaren teoriaren sorreraren lekukoa izatea. Zeren eta funtsezkoak izan baitira bai batak eta bai besteak eman dituzten naturaren ezagumenduak eta teknologiaren aurreramendurako oinarriak, gaur eguneko egoera zientifikoa gauzatzeko. Eta Guztiaren teoriarekin ezagutza zabalagoa eta sakonagoa izango da, duda barik.
Teoria hori etorri datorren artean, konformatu egin beharko dut gaur egunean ikusten ditudanekin: azeleragailuak eta partikula berriak, genetika eta CRISPR-cas9 edizioa, propietate desiratuak dituzten substantzien sintesia, adimen artifizialaren edo ordenagailu kuantikoen ahalmen aurresangaitzak, etorkizun diren korapilatze kuantikoaren aplikazioak...
Galarraga Aiestaran, Ana
Elhuyar Zientzia