}

Gurina eta margarina: zein ote hobea?

1998/04/01 Lorenzo, Arantza | Uranga, Ane Miren Iturria: Elhuyar aldizkaria

Komunikabideek zabaltzen dituzten publizitate-mezuak direla eta, jende askok zalantza izaten du gurina edo margarina aukeratzeko orduan. Barazki jatorriko olioetatik eratorria denez eta osasuntsuagoa delakoan, gehiengoak margarinaren aldeko apustua egiten du, baina olioa solido bihurtzerakoan naturalak ez diren aldaketa fisiko-kimikoak gertatzen direla kontuan hartu gabe.

Antzeko ezaugarri asko dituzte gurinak eta margarinak, baina baita desberdinak diren beste asko ere. Azken hauek komentatuko ditugu.

Gurina esnearen koipetik ateratzen da. Koipea emultsio ezegonkorrean aurkitzen da esnean eta berau bereizteko bi bide daude: desagertzear dagoen usadiokoa bata eta industriala bestea. Lehenean, esnegaina sortu ondoren, bera irabiaraziz ateratzen da koipea. Prozesu honetan ez zaio esneari duen koipe guztia kentzen. Prozesu industrialean berriz, esnea homogeneizatu egiten da eta emultsio ezegonkorra egonkorragoa bilakatzen da. Ondoren esnea irabiatuz koipea bereizten da. Esan behar da, azkenik, gurinaren % 83 gantz-azido poliasegabe gutxi duen koipea dela, baina A bitamina ugari duela.

Margarina 1869an Mege-Maurice kimikari frantziarrak sortu zuen. Napoleon III.aren eskariz sortu ere, une horretan gurinaren ekoizpena mugatua zela eta, gosetutako bere soldaduak asetu nahian. Margarinaren ekoizpenerako ez da animali jatorriko gantzik erabiltzen, lehengai arruntenak laborategian hidrogenaturiko koko- eta palmondo-olioak eta aldizka beste olio batzuk izaten dira. Hidrogenazioaren ondorioz lortzen da olioa emultsio likidotik emultsio solidora pasatzea.

Gurina eta margarinaren iturriak zein prozedurak desberdinak izanik, osagaiak eta izaera ere bereiztu egin behar dira. Osagaiei dagokienez, goiko taulan ikus daitezke bakoitzarenak.

Taulan argi ikusten da gurinak margarinak baino kolesterol eta gantz ase gehiago dituela. Horretan oinarrituta, alde nutritibotik margarina gaixotasun kardiobaskularrak saihesteko gomendagarriagoa dela esan dezakegu inolako zalatzarik gabe.

Baina kontuan hartu behar da bestalde, gurina naturalagoa dela, berezko koipearen ezaugarriak bere horretan utzi eta errespetatu egiten dituela; margarinaren kasuan, berriz, jatorriz likidoak diren koipeen izaera aldatu egiten da nolabaiteko produktu solidoa eskaintzeko. Beraz, argi dago koipeak ez direla bere horretan, bere egoera naturalean aurkezten.

Azkenean zeuk aukeratu behar duzu irakurle. Baina bietako edozein hautatu arren, kontuan hartu beti ondoren luzatzen dizkizugun gomendioak.

Gomendio pare bat irakurle:

  • Bai gurina eta bai margarina neurriz har itzazu, noizbehinka gosariko tostadetan zabalduz, baina ez eguneroko ohitura bezala.
  • Margarinaren aukera egiten baduzu, ondo begiratu etiketak, alde izugarria baitago batetik bestera.
Energia (kcal) Koipea guztira (g) Kolesterola (mg) Gantz poli-asegabeak (mg) Gantz mono- asegabeak (mg) Gantz
aseak
(mg)

Gurina (100 g)

752 83 250 1.9 23.4 48.3

Margarina (100 g)

752 83.5 0 39.3 25.3 14.3

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia