}

Gripearen birusaren itxurak badu garrantzia

2002/04/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Gripearen birus basatiek hari-itxura hartzen dute batzuetan; adibidez, duela gutxi izandako Hong Kong-eko gripe-izurritean ikusi dira itxura horretako birusak. Laborategian hazitakoak, berriz, esfera-formakoak izaten dira normalean. Orain arte garrantzi berezirik eman ez zaion arren, badirudi itxurak birusaren birulentzian eragin dezakeela.
Gripearen birusak zelulatik irteten.

Joan den mendeko 50-60. hamarkadetan egin ziren hari-itxurako birus horien lehenengo azterketak, eta, gerora, beste ikertzaile batzuek iradoki zuten kanpoko geruzaren M1 proteinagatik edo ioi-kanalaren M2 proteinagatik zutela itxura hori.

Britainia Handiko Reading Unibertsitateko ikertzaileek gai horri jarri diote arreta. Wendy Barclay mikrobiologoak zuzendutako taldeak, ingeniaritza genetikoa baliatuz, A motako birusekin egin du lan, horiek baitira gizakietan infekzio gehienak sortzen dituztenak. Horrela ikusi dute, itxura luzexka izateko, nahikoa dela balinaren ordez alanina izatea M1 proteinaren 41. posizioan. Ondoren, ikerketaren emaitza birus basatiekin berretsi dute, hari-itxurakoek 41. posizioan alanina zutelako, eta esferikoek, berriz, balina.

Ikertzaileen ustez, ezberdintasun txiki horrek proteinaren tolestatzeko eran eragiten du. Bestalde, oraindik ez dute argitu zergatik duen ahalmen patogeno handiagoa hari-itxurako birusak. Baliteke horrela errazago zeharkatzea zelulen mintzak edo itxura hori zelulei itsasteko lagungarria izatea. Nolanahi ere, ikerketa horien emaitzak baliagarriak izango dira gripearen aurkako txerto eraginkorragoak lortzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia