Grand Canyon: benetako Arroila Handia
1999/04/01 Altonaga, Kepa - EHUko biologia irakaslea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zer-nolakoa ote da Arroila Handia?
Colorado ibaia da luzeena Mendi Harritsuetatik (Rocky Mountains) mendebaldera, eta 2.334 km-ko ibilbidean arro zabal-zabala drenatzen du Wyoming, Colorado, Utah, Nevada, New Mexico eta Arizona estatuetan, Kaliforniako Golkoan isuri aurretik. Ibilbideko lehenengo 1.600 km-tan ibai-emariaren indarrak hainbat troka eta arroila zulatu ditu. Famatuena, jakina, Grand Canyon da, Arroila Handia, Arizonan kokatua berau.
Ibaiak garraiatzen dituen lohi eta jalkinek kolore gorria damaiote urari, eta hori zela-eta jarri zioten Colorado izena. Alabaina, aspaldi bateko Colorado ibaiko basur lokaztu gorria ia erabat desagertu da, hamaika urtegiz galgatu eta kudeatutako gaur eguneko ibaian. Izan ere, Arroila Handian zehar ur-korronteak eguneko 40.000 tona jalkin garraiatzen baditu ere, kopuru hori ezer gutxi da urtegiak eraiki aurretik eroaten zituen zamekin konparatuz: 380.000tik 500.000 tonara eguneko. Ur-emariak ere ginoan zeuden: 3.360tik 8.400 m3/s-raino.
Colorado ibaiaren Arroila Handia edozein txunditzeko modukoa da: batez beste 16 km-ko zabalera du, eta 1,6 km-ko sakonera. Arroila Handiak 446 km-ko luzera du, eta tarte horretan Colorado ibaiak 570 m-ko beherakada egiten du, hau da, metro bete baino gehiago km-ko, edo, beste era batera adierazteko, Mississippi ibaiak baino 25 bider gehiago. Jaitsiera horren erdia inguru ur-zarrata bortitzetan gertatzen da, berorien luzera arroila osoaren soilik ehuneko bederatzia bada ere; Arroila Handian barrena 161 ur-zarrata daude. Uraren abiadura 6,5 km/h-koa da uberatan, eta 16 km/h-raino irits daiteke ur-zarratarik lasterrenetan.
Dena den, liluragarriena amilburutik hondoranzko ikuspegia da: begia, erroitzean behera doala harri-geruzaz geruza, gaur egunean hasi eta ia 2000 milioi urte atzeratuko da denboran barrena, alegia, sinestu ezineko bidaia geologiko paregabea egingo du kliska batean. Kasik zorabio kosmikoa, bene-benetan. Zelan azaldu hori? Ez da erraza suertatzen. Arroila ez da betidanik hor egon, eta Coloradorik ere ez da beti hor izan. Izan ere, arroila bi dira izatez, bata bestearen barruan: arroila zabalenaren barruan (kanpo-arroila delakoa) justu ibaiaren ubideari dagokiona dago (barne-arroila delakoa), gehi, zer esanik ez, alboetako troka tributario guztiak.Kontu geologiko horretan zati bi daude. Lehenengo eta nagusia ia 2000 milioi urtez luzatu izan da, eta horko lurralde osoa eratu du ondorioz. Orduan, orain 6-30 milioi urte inguru, Colorado ibaia arroila zulatzen hasi zen, eta berari zor diogu denboran atzeranzko bidaia birtual hori, Lurra hain gazte zeneko sasoi hartarainokoa.
Arroila Handiaren alderik ikusgarriena edo, behinik behin, ezagunena, babestuta dago Grand Canyon National Park modura, denetara 4.925 km2-ko zabalera besarkatuz (neurri hori 1975etik aurrera du), hau da, Araba gehi Bizkaiaren tamainuko parkea gutxi gorabehera. Horrez gainera, inguruko lurralde guztia legearen gerizan aurkitzen da nola edo hala, figura juridiko desberdinen barruan: baso nazionala, laketze-gune nazionala, edota indioen erreserba. Beraz, hedaduraren aldetik eremu zabala da Arroila Handia.
Barruti horretan bizidun-mota asko aurki daitezke, esaterako, 70 espezie ugaztun, 280 espezie hegazti (horietatik 40 urte osoko biztanle direlarik), 44 espezie narrasti eta anfibioen artean, eta zazpi espezie arrain; landareen zerrendan berrehunetik gora zuhaitz, zuhaixka, lore, kaktus eta iratze daude. Aipaturiko bizidun-eraniztasunaren handia, Grand Canyon-ek aurkezten dituen zona ekologiko desberdinen ondorioa da, eta, zer esanik ez, zona horiek batez ere altuerak, geologiak, eta klimak zedarritzen ditu, goitik behera zirrindaka paratuta daudelarik. Ibaian hasi eta amilbururaino igotea, inguruneari dagokionez, latitudean 3.000 km-ko bidaia egitea bezalakoxea da, hau da, Mexiko iparraldeko Sonora basamortuan hasi eta Kanadako Calgaryraino iristea, nolabait. Erreka bazterreko komunitate erriparioan abiatu eta basamortuko komunitate biologikoak zeharkatuta mailaz maila komunitate boreal eta subalpetarreraino ailegatuko gara. Gogora dezagun, Arbaiuneko arroilako malkarretan zehar ere gradazio latitudinala ikusten dela, beste era apalago batean bada ere.
Estatu Batuetako monumentuak
Orain artekoan Arroila Handiaren ezaugarri geologiko eta biologikoak nabarmendu ditugu, besteak beste lurralde zoragarri horren bakantasun erabatekoa inplizituki azpimarratu guran. Horiekaz batera, aipatuta utzi dugu gune nagusiak parke nazionalaren kategoria duela, hau da, Estatu Batuetako babes gorena. Gainera, kategoria hori 1919tik aurrera dauka, eta beraz, nahikoa erraz pentsa genezake aspaldian sortu zela naturgune hori jagoteko ardura, eta, berorrekin bat, dagokion lege-euskarria ere.
Kontua, baina, ez zen horrela gertatu, zeren-eta, hasiera batean kezka kontserbazionista barik, Estatu Batuetako nazionalismo kulturala izan baitzen parke nazionalen bultzagile nagusia, alegia, nortasun kulturalaren bilaketa. Eta testu-inguru horretan kokatu behar da hain argigarri suertatzen den 1906an Estatu Batuetako Kongresuak onartutako babes-figura juridikoa, alegia, monumentu nazionalarena. Izan ere, 1908tik aurrera Grand Canyon monumentu nazionala izan zen, kasurako Europako katedrale gotiko bat monumentu den modu beretsuan. Roosevelt presidenteak Arizonako Arroila Handiko 3.000 km2-ko eremua monumentu nazionala izendatu zuen, haren esanean erosioaren eta estratifikazioaren "testu-liburu" mundu osoan gainditu ezinekoa baitzen.
Yellowstone eta Yosemite parke nazionalen kasuan ez bezala, argi zegoen Arroila Handia baliobakoa zena, bertatik inolako etekin errentagarririk atera ezin zena. Esan gabe doa, izaera itxuraz ustiaezineko horrek erraztu egin zuen izendapenaren kontua, ez zegoen-eta kontrako interes ekonomiko zuzenik.Ziurrenez prozesua askozaz gorabeheratsuagoa gertatuko zen, urte haietan gehiago jakin izan bazen, ur-metaketarako eta indar hidroelektrikoaren ekoizpenerako ibaiek eta arroilek duten gaitasunaz.
Izan ere, Colorado ibaiak lurralde zabala eta aldi berean idorra zeharkatzen du, eta bukaeran Kalifornia egartiaren txorrota aseezina dauka itxaroten. Hori zela-eta, Colorado eta arroaren goi-aldeko beste zenbait estatu bildur ziren ez ote zuten euren partea galduko. Horrek hainbat eta hainbat gorabehera ekarri zituen, eta inoiz "uraren gerra" izenaz ezagutu badira ere, ez ziren Jordan ibaiaren emaria kontrolatzearren Ekialde Hurbilean gertatzen ari direnen neurrikoak izan, jakina. Kontua da, 1922an erabaki egin zela, Colorado, New Mexico, Utah eta Wyoming estatuek 9.250 milioi m3 ur urteko isuriko zituztela behekoentzat, hots, Arizona, Nevada eta Kaliforniarentzat. Eta gibelondo modura, zer esanik ez, makina bat urtegi eraiki dira, bai ibai nagusian zein adarretan.
Urtegi horietariko esanguratsuenen artean Hoover Dam eta Glen Canyon Dam daude, hurrenez hurren 1935 eta 1963an inauguratu zirenak. Munduko handienetarikoak izateaz aparte, Arroila Handia mugatzen dute goitik eta behetik: Arroila Handiaren parke nazionala Glen Canyon urtegiko ia antaparean bertan hasi eta 450 km beherago amaitzen da, justu-justu Hoover Dam-ek metatutako ura (Lake Mead deritzona) iristen deneko puntuan.
Aipagarria da, bestalde, Arroila Handiaren baitan eraikitzeko beste urtegi bi proiektatu zirela 60ko hamarkadako lehen urteetan, parke nazionalaren izaera gorabehera. Eta proiektu handi bi horiek bertan behera uzteko erabili ziren arrazoiak, urte horietan ere, ez ziren ekologia aldekoak izan, monumentu goren baten galerari buruzkoak baizik.
Arroila Handiaren arazo handiak
Estatu Batuetako parke nazionalek legez xede bi dauzkate, alegia, baliagaia preserbatzea eta jendearen atseginerako zaintzea. Alabaina, helburu bikoitz hori gero eta gatxago bihurtzen da bisitarien kopurua emendatu ahala.
Theodore Roosevelt presidenteak Arroila Handia parke nazional izendatu eta gero, benetako estatubatuar bakoitzak (every true American) bertara pelegrinazioan joateko behar patriotikoa zeukan, eta horrela, See America First (Lehenago Amerika ikusi) kanpainak bateratu egin zituen nazionalismo kulturala eta interes ekonomikoa. Hau da, urtero atzerrira joaten zen dirutza (garai haietako 500 milioi dolar inguru) etxe barruan xahutu behar zen, inolako zalantza barik bertan baitzeuden munduko txokorik eijerrenak.
Horrelaxe, 1919an 44.000 lagun hurbildu ziren Arroila Handira, eta 1947rako 500.000 baino gehiago ziren. Baina, bisitarien kopurua biderkatu egin da neurri guztietatik gora, eta 1956an milioi batekoa izan zen, milioi bikoa 1969an, eta hiru milioitik gorakoa 1976an.
Kopuruak gorantz, 1993an bost milioi lagunek bisitatu zuten Arroila Handia, ipar (% 20a) edo hegoko amilburuan (% 80a), eta horietariko milioi bat baino gehiago ausartu da amildegian barrena, bertako xendrak eta bidezidorrak korrituz mandoz ala tipi-tapa.
Bestalde, 26.000 lagunek jaitsi zuten ibaia rafting erara, bertako ur-zarraten arrisku larri eta urteroko hildakoak gorabehera. Eta beste 800.000 lagunek parkea erakan ikusi zuten arranoen pare, hegazkinez zein helikopteroz. Udako hilabeteetan, eguneko, sei milaraino auto ikus daitezke jira-biraka gelditu barik, denetara dauden 2.500 aparkalekuetariko bat bereganatzeko lehian. Halaber, ehunetik gora autobus hurbiltzen dira eguneko.
Horiek horrela, Grand Canyon National Parken egungo erronka nagusia, ez dago esan beharrik, parkearen oinegitura zeharo gainditu duen bisitari-olde horren kudeaketa da: zelan bideratu jendetza ikaragarri hori, eta, aldi berean, naturgunea preserbatu? Ezin ahaztu gainera, 2000. urterako zazpi milioi bisitari iguruki direla. Inoiz esan denez, maitasunez hilko dugu Grand Canyon denon artean. Baina, Arroila Handiko lekunerik ostendu eta bakartienetara ere, inortxo iritsiko ez den okoiluetaraino sartu dira bestelako eragile kaltegarriak.
Batetik, zenbait egunetako aire-poluzioa sinestezina da, eta urteko batez besteko ikusgaitasuna % 30ean murrizten du; neguko egun batzuetan ikusgaitasuna % 70ean murrizten da Arroila Handiko ikuspegi ikusgarria ia zeharo desagertaraziz. Kaltegile nagusiak Los Angeles eta Phoenix-eko ke-lainoak dira, eta bai Page (Arizona) eta Four Corners (New Mexico) ikatzezko zentralenak ere. Adibidez, Page-eko zentralak eguneko 240 tona sufre dioxido jaregiten ditu.
Bestalde, zarata dugu, Arroila Handiko ostendera galduenetaraino barruratuko den elementu oreka-jale ikustezina. Izan ere, beribil eta autobusen motoreen burrunbak parkeko errepide bakarrean sortu arren, sakon hedatzen dira trokaz troka, oihartzun eta guzti. Baina, zarata-iturririk garrantzitsuena ikusliarrak aireratzeko hegazkin txiki eta, batez ere, helikopteroak dira, eta euron eragin-eremua edonora ailegatzen da, parkearen zabalera osoan zehar egiten baitute hegaz. Horregaz batera, hegaldien maiztasun altua dago, eta egunik lanpetuenetan minutuko hegazkin bat aireratzen da. Jakina, hainbat neurri eta murrizpen pentsatu izan dira gaur eguneko zarata-mailak jaitsi ahal izateko eta, bide batez, orain arte besteko aire-istripuak ekiditeko.
Colorado ibaiak berak ere hainbat aldaketa bortitz pairatu ditu urteotan. Glen Canyon urtegia eraiki denetik, urteroko uholde ikaragarriak eguneroko marea txiki batzuk ordeztu dituzte; izatez, erreka gehienez lau metro hazten da eskarien arabera (140-560 m3-ko emariak urtegitik isuriz). Ura orain askoz hotzagoa da, urtegiko sakoneratik baitator. Garbiagoa ere ba da, eta eguzki-izpiak barneratu egiten zaizkio, halatan non elika-katea berria eratu baita: Cladophora algak diatomeoak erakarri ditu, eta berauek Gammarus anfipodoa; berau amuarrainen janaria da, eta, era berean, arrano burusoila elikatzen da amuarrainez.
Errekako erripan eta harea-barratan landaredia hazi da, jadanik uholdeek ez baitute hondatzen. Milazka exotikoa eta bertoko sahatsa ugaritu dira, zomorro kontaezinen bazka izanik; txori migrariak aspaldian konturatu ziren janari-iturri berriaz, eta euren barrandan belatz handia ailegatu zen, gaur egun Arroila Handian populazio habiagile galanta dagoelarik.
Argi dagoenez, Glen Canyon urtegiak aldaketa nabarmena ekarri dio Arroila Handiko ibai-ekosistemari. Besterik ezean aldaketa hori onerako izan dela pentsa dezakegu, biodibertsitatea emendatu da-eta. Dena dela, datuen arabera uraren hotzak, besteak beste, gutxienez bertako hiru arrain-espezie garbitu ditu, eta bertakoek “humpback chub½ deitzen dutena oso egoera larrian aurkitzen da. Kontuak kontu, Arroila Handiak ikuspegi monumental modura iraun du bizirik, baina etorkizun motz-motza ikusten zaio ekosistema osoa den aldetik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia