}

Gorilek bular-kolpeen bidez informazio garrantzitsua komunikatzen dute

2021/04/08 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

gorilek-bular-kolpeen-bidez-informazio-garrantzits
Arg. Dian Fossey Gorilla Fund

Gorilen bular-kolpeek banakoari buruzko informazio garrantzitsua komunikatzeko balio dutela ondorioztatu dute Scientifik Reports aldizkarian argitaratu duten ikerketa batean. Bular-kolpeen hotsak tamainaren berri ematen du, eta litekeena da banakoak identifikatzeko ere balio izatea.

Lehenago ere iradoki izan da gorilek komunikatzeko kolpatzen zutela bularra, baina ez zegoen argi zehazki zer informazio ematen duten horrela. Hori argitu nahian, Ruandako 25 ar helduri jarraipena egin zieten bi urte eta erdiz. Batetik, gorilen tamainak zehaztu dituzte argazkien bidez, eta, bestetik, bular-kolpeen zenbait ezaugarri hartu dituzte kontuan: soinuaren maiztasuna, iraupena, kolpe-kopurua eta kolpeen maiztasuna.

Ikusi dute gorilen tamaina zenbat eta handiagoa izan, orduan eta baxuagoa dela bular-hotsaren maiztasuna. Eta, bestetik, iraupenean eta kolpe-kopuruan desberdintasun nabarmenak daude. Desberdintasun horiek ez dute loturarik tamainarekin, eta ikertzaileek uste dute banakoak identifikatzeko balio dezaketela.

Izan ere, oihan itxietan bizi dira gorilak, eta ikertzaileek iradoki dute horrelako eremuetan bular-kolpeak oso baliagarriak izan daitezkeela komunikatzeko. Eta tamainari buruzko informazioa garrantzitsua da gorilentzat, bai ugalketarako bikotekidea aukeratzeko, baita arerioak neurtzeko ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia