}

Gorilak lainopean

1995/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Uganda, Ruanda eta Zaireko gobernuek erronka handiari aurre egin beharko diote hurrengo hilabeteotan. Gauzak ongi, urtea bukatu baino lehen Naturgune berria zabalduko dute lurralde hauetan, gorilak babestu eta hauen iraupena mehatxatzen duen giza eragina gutxiagotu asmoz. Ez da zeregin erraza izango. Une honetan, 650 gorila inguru bizi da eskualde honetako mendietan, gorila-komunitaterik handiena Virunga sumendi-katearen inguruan finkatu delarik.

Uganda, Ruanda eta Zaireko gobernuek erronka handiari aurre egin beharko diote hurrengo hilabeteotan. Gauzak ongi, urtea bukatu baino lehen Naturgune berria zabalduko dute lurralde hauetan, gorilak babestu asmoz.

Orain arteko esperientziarik positiboena 1992an abiarazi zuten, Mgahinga Parke Nazionala izendatu zutenean. Gorilen Babesarako Erakunde sortuberriaren ekimenez, ekoturismoan oinarrituriko eredua ezarri zuten. Honen bidez, gorila-populazioaren hazkundea arriskuan jartzen duen turismo basatia saihestu nahi izan dute. Lortu denik ezin da oraindik esan, baina bide onetik ari direla uste dute erakunde ekologistek. Panos berri-agentziak dioenez, gorilak babesteko neurriek populazioaren hazkundea lortu ez badute ere, eredua hedatzerakoan arriskutsutzat jotzen diren praktikak gutxiagotu egingo dira.

Gorilak ehizatu eta beren esku zein buruak oroigarri gisa eramaten dituzten bisitariak dira etsai nagusiak. Ez ordea bakarrak. Bertako nekazariek ez dute begi onez ikusi Ugandako Gobernuak ezarri duen babes-eremua. Gorilak izan ere ez dira bizilagun eroso suertatu, nekazaritzarako behar dituzten lurrak okupatu eta landatutakoa txikitu egiten dutela eta.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia