Glutenik jan gabe zeliakia identifikatzeko biomarkatzaile berria

2019/06/10 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nora Fernández-Jiménez eta José Ramón Bilbao Catala ikertzaileak. Arg. EHU

EHUko eta BioCruceseko ikertzaile batzuek gaixotasun zeliakoa diagnostikatzeko biomarkatzaile berri bat aurkitu dute, glutenik gabeko dieta hartzen duten pertsonekin erabiltzeko aukera emango lukeena. Zeliakia diagnostikatzeko zailtasunetako bat da pazienteek glutena hartu beharra dutela gaitza endoskopia bidez behar bezala diagnostikatzeko. Biomarkatzaile honekin, ordea, ez dut glutenik hartu beharko. Gainera, gero eta jende gehiagok jotzen du bere dietatik glutena kentzera espezialista batekin kontsultatu aurretik, eta horrek zaildu egiten du gaixotasunaren diagnostiko fidagarri bat egitea. Kasu horietan ere, diagnostikoa erraztuko du.

Metodo berriarekin, odoleko UBE2L3 genearen espresioa aztertuta jakin dezakete pertsona batek zeliakia duen edo ez. Egileek prentsa-oharrean azaldu dutenez, “gero eta gehiago ari da handitzen glutenarekiko sentikortasun autodiagnostikatuaren fenomenoa; Italian eta Erresuma Batuan populazio orokorraren % 12-13ra iritsi da dagoeneko”. Human Molecular Genetics aldizkarian argitaratu berri dute ikerketa, eta aurkikuntza patentatu egin dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia