}

Globoan martitzen

1989/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gure planeta-sistemako astroak aztertzeko, gainazalean pausatu diren zunda automatikoak erabili dira maiz. Horrelakoak ziren Ilargira bidalitako Luna serieko zundak edota Martitzera igorritako Vikingak. Zunda hauek oso balioagarriak dira datuak hartzeko baina bi arazo nagusi aurkezten dituzte. Alde batetik, pausatutako tokitik ezin dute higitu eta bestetik, eskualde lauetan bakarrik pausa daitezke.

Datorren hamarkadan sobietarrek Martitzen egin behar duten esplorazio-lan handiak globoak erabiliko dituzte bi eragozpen hauei ekiditeko.

Globoak helioz edo hidrogenoz beteko dira. Eguzkiaren beroak goizaldean, gas hauek berotuko ditu, hedatuko dira eta Martitzeko haizeek toki batetik beste batera eramango dituzte. Gauean, giroa hoztean, globo barneko gasa konprimatuko da eta globoa lurrera eroriko da geldirik egonik hurrengo egunerarte.

Globoek 20 m-ko altuera izango dute eta 30 bat kiloko pisua garraiatzea izango dute. Globoak 30 m-ko altueran ibiliko dira gutxi gorabehera eta eramandako kamerek Martitzen gainazalaren irudi oso zehatzak hartzeko aukera izango dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia