Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?
Ni nahiko berandu hasi nintzen unibertsitatean. Lehenago izan nintzen ingurumen-teknikaria eta euskara-irakaslea, eta 1995ean lortu nuen atxikitu plaza. Une hartan, oso ideia erromantikoa neukan unibertsitateaz. Nolabait, jakintzaren tenplua zen niretzat. Ikuspuntu horretatik, horrelako galderei erantzuteko tokia zen, bai irakasleentzat, bai ikasleentzat: Zer da jakintza? Nola sortzen da jakintza hori? Eta gizarte eskalan, zer eskatzen diogu jakintzari; zer, pertsonalki? Nola aplikatzen zaio zure jakintza-arloari? Niretzat hori inportantea zen, eta zaplaztekoa jaso nuen.
Adibidez, Hiri Geografia irakasgaia ematea egokitu zitzaidan. Gaur egun giltzarri diren hainbat gairi buruz hausnartzeko irakasgai zeharo aproposa da, eta, beraz, ikuspuntu horretatik prestatu nuen: zer diren hiriak, zergatik edo zertarako sortzen diren, zer funtzio betetzen dituzten gaur egun, zer bilakaera izan duten historian… Baina ikasleen aldetik gaitzespena argia izan zen. Apunteak jaso, buruz ikasi, eta azterketa egin; hori baino ez zuten nahi, beste ikasgaietan horrela ohituta zeudelako. Baina memoria ez da jakintza. Nire ustez, ezinbestekoa da galderak egitea, denon artean pentsatzea, ideiak eztabaidatzea eta puntu bat bestearekin lotzea. Zaplazteko handia izan zen.
Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke?
Ba, oso erraza da, zuzenean lotzen baita aurretik esandakoarekin. Izan ere, benetan da nire ametsa: hezkuntza-sistemaren benetako iraultza bizi nahiko nuke, lehenengo mailetatik unibertsitateko maila guztietaraino. Ez bakarrik oraingoa txarra delako, baizik eta, nire ustez, bizi ditugun eta bizi izan ditugun arazo askoren oinarria lotzen delako horrekin. Zerekin? Gizarte formatu eta kritikoaren faltarekin. Orduan, beste modu batera esanda, zer eduki beharko luke sistemak, orain ez daukana? Ba, bereziki, inguratzen gaituen mundua eta errealitatea aztertzeko gaitasuna lantzeko helburua; hau da, jendea bere errealitatea eta ingurua modu kritikoan aztertu ahal izateko eta modu autonomoan ikasi ahal izateko prestatzen duen hezkuntza-sistema.
Gizarte kritikoago bat izango bagenu, zer erabaki hartuko genituzke? Gertatzen ari diren arazo askoren larritasuna eta haien ondorioak ulertzeko gai izango ginateke, behintzat. Arazo horietaz ez du ematen jendeak nahikoa kontzientziarik duenik. Horren ondorioz, esaterako, gero eta pertsona gehiagok babesten dituzte ultraeskuineko gobernuak, klima-aldaketari uko egiten diotenak, ustezko segurtasunaren mesedetan eskubideak eta askatasunak murriztu ditzaketenak… Gizartea analitikoa eta kritikoa izango balitz, argi ikusiko luke. Horregatik behar dugu hezkuntza-sistemaren iraultza.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia



