Elhuyar zientziaren komunikazioa

Gizarte-erronka berrietarako museo berriak

2010/02/01 Lasa Iglesias, Aitziber - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa | Senra Petit, Pau - Kultura-aholkularia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Puntako teknologiak gure etxeetan sartu direnez gero, bizitzarekiko ikuspegia bera aldatu zaigu, eta, gaur egun, gizarteak berak zeresan handia du zientzia eta teknologiaren garapenaren emaitza den aldaketa-aroan. Ondorioz, museologia berri bat ere jaio da, parte-hartzea eta distantzia laburrak lehenesten dituen erlazio-eredu bati erantzuteko. Eredu horren adibide izango da laster Zamudion inauguratuko den Teknologiaren Interpretazio Zentroa, BTEK.

Gizarte-erronka berrietarako museo berriak
2010/01/01 | Lasa Iglesias, Aitziber; Senra Petit, Pau | BTEK proiektuaren zuzendaria, Elhuyar Fundazioa; Kultura-aholkularia
(Argazkia: Aitor Ortiz)

Txikienaren teknologia-aroan murgilduta gaude, robotikarenean, bioteknologiarenean, aro digitalean, elektronikaren aroan. Nano eskalan eraikitzen da gaur egun, neurrira egindako botikak diseinatzen dira, irudikatu ez genuen gaitasuna duten ekipo elektroniko ñimiñoak fabrikatzen dira, elikagaiak funtzionalizatzen dira...; teknologia puntakoenak ere gure egunerokotasunaren parte dira, eta bizitza-ikuskera aldatu digute: kalitatea, iraupena, bizitzaren aroak, inpaktua, erlazionatzeko aukerak, aisialdia, sentsazioak eta emozioak, informazio-kantitatea, irisgarritasuna, ekiteko gaitasuna...

Gure inguruko herrialde gehienetan, ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+B) hartu dira ekonomiaren eragiletzat, eta haien aldeko apustua egin da.

Ezin ukatuzkoa da, bestalde, geroz eta jabetuago gaudela ingurumen-arazoek berehalako erantzunak behar dituztela, hain da handia planetaren esplotazio-tasa. Desberdintasunak geroz eta handiagoak dira planetan. Honezkero, erantzunek ezin dute lokalak bakarrik izan; planetaren dimentsioaz jabetzeko beharra dugu, globaltasuna sentitzekoa.

Zientziaren eta teknologiaren garapenak itxaropena eskaintzen dute, baina dagoeneko ez da dena itsumustuan onartzen. Arriskua neurtzen badakigu, eta aukerez baliatu behar dugu; baina datuak eskaini eta exijitu behar ditugu, egokienak iruditzen zaizkigun erabakiak hartzeko. Aukera berriak dauzkagu aurrean, baina baita erronka berriak ere. Zientzia eta teknologiaren museok heldu nahi eta behar dieten erronkak. Ezagutza izango gara, edo ez gara izango.

I+G+B zabaltzeko eskakizun berriak

Oppenheimer-en eskutik iritsi zen iraultza handiena zientzia-museoen eredu-aldaketan, 1969an, Hands on erako lehen zentroarekin batera: San Franciscoko Exploratorium-a. Zentro hartan haiekin elkar eraginda jabetzen zen bisitaria zientziari buruzko kontzeptuez, erabiltzeko, esperimentatzeko eta jakin-mina pizteko modulu errazen, erakargarrien eta ikusgarrien bidez. Eredu hura bizkor zabaldu zen mundu osora; batzuetan arrakastaz, besteetan ez. Eta haren eboluzioaren ondorioz sortu dira gerora Minds on eta Hearts on ereduak. Galderak sortzea eta zirrara piztea bilatzen dute azken horiek, bisitariek beraiek sor dezaten jakin-mina eta gehiago jakiteko gogoa.

Oppenheimerren garaian erakusten zen zientzia 50 urte lehenago deskubritu zen. Gaur egun, etengabe aldatzen den teknologiaren garaian, azken berrikuntzak ikustea baino interesgarriagoa da (zaharkitua geratzen baitira nahitaez erakusleihora iristerako) etorkizuneko joerei heltzea; ikustea zein diren aurrerapen berrien erabilerak, eta zein izan litezkeen; zein diren haien ondorioak. Protagonistak ezagutu nahi dira, gainera. Jakin gure etxeetatik oso gertu, gure ikerketa-zentroetan, izena eta abizena duten pertsonak maila globalean eragiten duten ekarpen lokalak egiten ari direla.

Estrategia museologiko berria, errealitate gehiago

Gaur egun, zientzia-museo askoren kezka nagusietako bat da asmatzea nola erakutsi inguruan egiten den I+G+Ba. Joera hori dute ardatz Natura Zientzien museoek egin dituzten berrikuntzetako askok. Bildumen biltegiak, laborategiak, ikerketa-taldeak ikusgai jarri dituzte, baina ez soilik bisita gidatuen bidez; museoaren erakusketaren zati bilakatu dira, zuzenean egiten dute ikerketa. Helburu horrekin ari dira lanean azkeneko urteetan, eta hasi gara emaitzak batzuk ikusten. Londresko Natural History Museoak ikerketen erakusketa egiten duen hegal berria ireki du, Darwin Zentroa; eta San Franciscoko California Academy of Science-ek eraikin berria du, ikerketari eskainitako guneekin, eta han lan egiten duten ikertzaileekin. Ikerketa, garapena eta berrikuntza ez dira bakarrik egiten, edo urruti eta oharkabean; pertsonak, aurrekontuak eta proiektuak behar dituzte.

Gure estrategia: BTEK eredua

Eskakizun horiek betetzeko jaio da BTEK, Euskal Herrian eraiki den teknologiaren lehen interpretazio-zentroa. DBHko bigarren zikloko ikasleak izango dira zentroaren bisitari gehienak, eta, hortaz, BTEKen helburuak izango dira teknologiaren eta berrikuntzaren kultura bultzatzea gazteen artean; baita bokazioak, jakin-mina eta izaera kritikoa piztea ere. Horrenbestez, zubi-lana egingo du zentro honek, gizartearen eta Bizkaiko Parke Teknologikoaren artean --gizartearen eta hango enpresa eta ikerketa-zentroen artean--, eta lotura estua izango du Bizkaiko Parke Teknologikoan garatzen den zientzia eta teknologiarekin. BTEK errealitatean eta errealitatearekin egongo da.

BTEKen, hasieratik egin da proiektu propio eta berritzaile bat sortzearen aldeko apustua. Elhuyar Fundazioak garatutako proiektuak eszenografia bikaina izango du, 3Dko soluzio elkarreragile asko, osagai mekaniko eta elektronikoak, errealitate areagotua, irudien prozesamendua eta keinuetan oinarritutako teknologiak; indar berezia egin da, gainera, erabilerraztasunean, sormenaren eta diseinuaren bidez.

Egunerokotasunean egiten den erabileratik gerturatuko da bisitaria teknologiara, ez da kontzeptu zientifikotik abiatuko. Eta zentroa bisitatzea esperientzia zirraragarria, irudimentsua eta motibatzailea izatea nahi da. Horregatik, ikuspegi ludiko-arrazionaletik landu da museoa, eta ez ikuspegi didaktiko huts batetik. Ikusgarritasuna eta erakargarritasuna izango dira bisitaria harrapatzeko giltzarria.

Sistema bera eta haren erronkak ulertzeko kalitateko esperientzia eskaintzea da BTEK zentroaren apustua, eta eduki guztien bidez jasangarritasunaren balioak sustatzea, egungo eragileak inplikatuz, etorkizuneko protagonista izango direnak aurkitzeko.

Lasa Iglesias, Aitziber; Senra Petit, Pau
2
261
2010
1
024
Museoak
Analisia
52

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia