Gizarte birtuala Interneten
2008/10/01 Asurmendi Sainz, Jabier - Informatika-ingeniaria eta Bitarlan-en sortzailea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Arrakasta horrek bultzatu zituen Interneteko erakunde handiak ere beren sare sozialak sortzera. Google-k, esaterako, Orkut.com sortu zuen 2004an, eta 2005ean Yahoo-k berea sortu zuen; eta, nola ez, Microsoft ere bere baliabidea sortzen ari da, TownSquare izenekoa, oraindik barnean erabiltzeko baino ez badago ere gaituta. Izan ere, negozio ona izan daiteke. Alde batetik, publizitatetik etor daitezkeen etekinak kontuan hartzeko modukoak dira; beste aldetik, hainbat sare sozialek milioika erabiltzaile dituzte, eta haien zaletasunei zein jarduera profesionalari buruzko informazioa biltzen duten datu-base erraldoiak. Informazio hori oso erakargarria izan daiteke aparteko negozioetarako.
Nola eratu sare sozial bat
Behin egitura teknikoa eta web aplikazioa prest daudela, talde sortzaileko kideek ezagunei eta lagunei sare sozialean parte hartzeko gonbidapena bidaltzen diete, edota Interneteko zenbait foro zein blogetan publizitatea egiten dute. Kide bakoitzak beste hainbat kide berri ekar ditzakeenez, sarea esponentzialki handitzen da.
Interneteko sare sozialetan, beste sareko partaideekin harremanetan jartzeko aukera dago, nahiz eta elkar ez ezagutu eta milaka kilometrora egon. Sistema zabala da, eta handitzen doa kide bakoitzaren ekarpenekin; horregatik, partaide berri bakoitza garrantzitsua da.
Hain zuzen ere, sare sozial batean sartzean, lehenengo urratsa da nork bere profila sortzea, eta nahi dituen datuak osatzea: gustuko dituen jarduerak, harremanetarako datuak eta informazio profesionala, esaterako. Ondoren, interesak, kezkak, nahiak edo beharrak partekatzeko kideak bilatu beharko ditu. Era berean, sareko beste kide batzuek partaide berria aurkitu ahal izango dute zehazturiko gustu, datu edo xedearen arabera. Hortik aurrera, lagunak, lan egiteko kideak, bazkideak edo beren bihotzeko azukre-koskorra aurki dezakete, helburuaren arabera.
Facebook eta MySpace, arrakastatsuenak
Sare sozialak sortzeko gunerik hedatuenetarikoa Facebook da egun, nahiz eta hasiera batean Hardvard Unibertsitateko ikaskideak harremanetan jartzeko sortu zen. Laurogei milioi kide ditu, xede anitzeko taldeak, eta erabat irekia da. Gainera, azkenaldian, oihartzun handi samarra izan du, aplikazio gehigarriak garatzeko eta etekin ekonomikoa ateratzeko erabiltzaileek duten aukera dela eta.
Orain dela gutxi arte elebakarra zen, eta, mota horretako beste web gune askotan bezala, ingelesa zen hizkuntza nagusia. Baina 2008an, partaideen eremua handitzeko asmoz, frantsesezko, gaztelaniazko eta alemanezko bertsioak atera zituzten, eta, dagoeneko, hizkuntza gehiago batu zaizkio: katalana, daniera, italiera, suomiera eta beste hainbat. Eta, oraindik ikusgai ez badago ere, euskarazko itzulpena nahiko aurreratuta dago. Gainera, behin izena emanda, erabiltzailearen kontuan 'Translations' aplikazioa gehituta, euskaraz erabil daiteke Facebook.
MySpace proiektua, berriz, Tom Anderson-ek sortu zuen, eta gaur egun News Corporation entitateak du jabetza. Hirurehun langile baino gehiago, berrehun milioi erabiltzaile inguru eta berrehun eta hogeita hamar mila erabiltzaile berri ditu eguneko; esan daiteke MySpace dela sare sozialak eratzeko web gunerik hedatuena eta erabiltzaile gehien duena. Horretaz gain, Interneteko trafikoa neurtzeko Alexa-ren indizearen arabera, zazpigarren gunerik bisitatuena da MySpace, eta laugarrena ingelesezko guneen artean. Facebook adina hizkuntzatan ez badago ere, eleaniztuna da. Euskaraz ez dago oraindik; bai, ordea, frantsesez, gaztelaniaz, alemanez edo polonieraz.
Google eta Microsoft
Arestian aipatu den bezala, sare sozialek sortutako arreta dela eta, teknologia berrien erakunde handiek ere ez dute kanpoan gelditu nahi izan. Horrela, Google-k, bere langile baten proiektu pertsonala bultzatu zuen 2004an: Orkut du izena, bere sortzailearen izenetik hartutakoa, Orkut Büyükkökten. Orain dela gutxi arte, soilik gonbidapen bidez sar zitekeen zerbitzura, baina egun irekia da; Google kontu bat izatea da gunea erabiltzeko eskakizun bakarra. Beste sare sozialek bezala, taldeak sortu eta eduki daitezke; partaideak aurkitzeko eta haiekin harremanak sortzeko eta irudiak, bideoak, eta mezuak partekatzeko aukera eskaintzen du. Jakina, Google-ren bilatzaile ahaltsuaz baliatu ahal da partaideak, barne-zerbitzuak edo komunitateak aurkitzeko. Oraingoz beta bertsioan dago, eta soilik ingelesez.
Microsoft-ek ere sare sozialak sortzeko bere plataforma sortzen jardun omen du azken hilabeteetan. Oraingoz sistema itxia da, soilik Microsoft-eko langileek erabil dezakete, eta, antza denez, zortzi bat mila erabiltzailek probatu dute jada. Proiektuak Facebook-en antzeko eredua erabiliko luke, baina lanbide-harremanetara bereziki zuzenduta bide dago. Izan ere, haren xede nagusia da erakunde bateko langileak hobeto koordinatzea eta talde-lana erraztea, emankorragoa izan dadin. Horretarako, hainbat aukera eskainiko ditu, hala nola lankideren batek dokumentu bat aldatu duen edo agendan hitzordu bat gehitu duen ikustea, edo lan egiteko eta eztabaidatzeko gune birtualak.
Sare profesionalak: LinkedIn eta Xing
Edonola ere, horrelako sare sozial profesionalak badaude dagoeneko. LinkedIn-ek, esaterako, beste sare sozialek duten helburu orokorra alde batera uzten du, eta arlo profesionalean jartzen ditu indarrak: beste partaideekin lan-harremanak eta negozioak gauzatzea hartzen du helburutzat. 2002ko abenduan sortu zen, eta 2003ko maiatzean argitaratu zen. Erabiltzaile-
kopurua ez da Facebook-ena edo MySpace-ena bezain handia, baina, hala ere, ez dira gutxi: hogeita lau milioi, hain zuzen ere. Negozioak egiteaz gain, lan-eskaintzak egin eta hautagaiak bilatzeko aukera ematen du; eta, alderantziz lan bila ari denari ere laguntzen dio.
Sare profesionalen artean, ospe handia lortu du Xing-ek ere. Bost milioi inguru partaide ditu, eta euskaraz ez badago ere, eleaniztuna da. Partaideen arteko elkarlana eta negozioak sortzen laguntzea du helburu. Proiektua 2003ko ekainean sortu zen Alemanian, hasiera batean OpenBC izenarekin, baina geroago izena aldatzea erabaki eta Xing aukeratu zuten, nazioarteko marketin-irizpideak direla eta; izan ere, Xing -ek posible da esan nahi du txineraz, eta ingelesez crossing irakur daiteke. Xing-ek ere lan-poltsa bat eskaintzen du, Marketplace; han, hautagaiak, lanak eta hainbat proiektu aurki daitezke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia