}

Gizakien arbasoen hortzen azterketa

2004/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gizakien arbasoen hiru genero konparatzeko aukera eman dute duela bost milioi urteko hortz-fosil batzuek. Sahelanthropus, Orrorin eta Ardipithecus dira genero horiek, eta, orain arteko aztarnetan oinarrituta, adituek proposatu zuten bakoitza genero batekoa zela.
univ. w. australia

Etiopian aurkitu dituzten Ardipithecus-en letaginak aztertuta, ordea, hiruak genero bakarrekoak direla esan dute Estatu Batuetako antropologo batzuek.

Zailtasun handiak egoten dira arlo horretan sailkapenak egiteko, fosil gutxi dagoelako, eta, gainera, elkarrengandik urrun aurkitzen dituztelako sarritan. Etiopiako aurkikuntzak erakutsi zuen hiruretan mota bereko elementuak zeudela, letaginak hain zuzen ere. Forman eta esmaltearen itxuran eta lodieran antzekoak zirela ikusi zuten, eta hortik ondorioztatu dute genero berean sailkatu behar direla.

Antropologo batzuen ustez, ordea, hortzen arteko antzekotasunak ez dira nahikoa orain arteko iritzia aldatzeko, eta hiruren hortzen artean desberdintasunak ere badaudela nabarmendu dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia