Giza zelulek arratoien bizkarrezur-muina konpon dezakete
2001/02/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Gorputzean zehar kinada elektrikoak azkar eramateko, nerbio-zuntzak mielina izeneko ehun batez inguratuta daude. Zientzialariek esklerosi anizkoitzaren jatorria ezagutzen ez duten arren, jakina da esklerosi anizkoitza duten gaixoetan burmuineko eta bizkarrezur-muineko mielina mailaz maila ahultzen doala eta, ondorioz, nerbio-kinadak mantsoago mugitzen direla edota zeharo gelditzen direla. Sintomak sorgotzea eta oreka-galeratik paralisirainokoak izan daitezke.
Esklerosi anizkoitzaren ikerketan, bizkarrezur-muineko mielina partzialki kendu zitzaien arratoiak erabili zituzten Estatu Batuetako Connecticut-eko Yale Unibertsitateko zientzialariek. Bestalde, mielina eratzen duten Shwann zelulak hartu zituzten anputatutako giza hanka batetik eta arratoien bizkarrezur-muinean transplantatu zituzten. Errefusatzea ekiditeko animalien sistema immunea inhibitu zuten.
Transplantatutako zelulak biderkatu eta mielina-geruzaren tarteak betetzeaz gain, nerbio-kinaden eroapena ohiko mailara iritsi zen. Horrek, gaixoaren zelulak erabiliz, bere mielina-galera konpondu ahal izateko itxaropena pizten du.
Hala ere, ikerlariek oraindik ez dakite Shwann zelulek gizakien mielina arratoiena bezala konpondu ahal izango duten. Hurrengo hilabeteetan gizakietan frogak egiteko asmoa dute eta, zalantzarik gabe, gai honen inguruko beste ikerketa batzuen berri emango dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia