}

Giza enbrioiaren eta amaren arteko lehenengo lotura

2003/01/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Enbrioi batzuek ez dute umetokian ezartzerik lortzen; ondorioz, haurdunaldia eten egiten da. Hain juxtu, horren erruz gertatzen dira enbrioiak 20 aste bete aurretiko berezko abortuen hiru laurdenak. Orain, enbrioiari umetokira eransten laguntzen dion proteina aurkitu dute ikertzaile batzuek.

Ikerketa Kaliforniako Unibertsitatean egin dute eta Science aldizkarian argitaratu dute. Haien esanean, enbrioiak ekoizten duen proteina bat da itsasgarria, L-selektina. Nonbait, umetokiak ekoizten dituen karbohidrato batzuei lotzen da proteina, eta horri esker lortzen du umetokian ezartzea. Proteina hori ez da prozesuan parte hartzen duen bakarra, baina dirudienez oso da garrantzitsua: poliestirenozko bolatxo batzuk L-selektina proteinaz bildu ondoren, umetokian ezartzeko gai direla frogatu dute ikertzaileek.

Giza enbrioia sei asterekin.

Obulua ernaldu eta seigarren egunean, enbrioia umetokian ezartzen den garaian, L-selektinaren ekoizpena areagotu egiten da. Aldi berean, proteina horren hartzaileak diren karbohidratoak ekoizten ditu umetokiak. Egia esan, umetokiak haurdunaldi guztian ekoizten ditu karbohidrato horiek, eta plazentaren hazkuntzan ere hartzen dute parte.

Ikertzaileek in vitro ernalketaren arrakasta-maila handitzeko erabili nahi dute aurkikuntza hori. In vitro ernalketan, sortzen diren enbrioien heren batek besterik ez du lortzen umetokian ezartzea, eta, proteina hori kontuan hartuta, enbrioien bideragarritasuna handitzea espero dute. Adibidez, in vitro sortutako enbrioiek L-selektina behar bezala ekoizten duten ala ez azter daiteke; hartara, bideragarri izateko aukera gehien duten enbrioiak transferituko lirateke. Gainera, emakumeetan ere azter daiteke ea umetokian nahiko hartzaile duten ala ez. Hain zuzen, ernalketarekin arazoak dituzten hainbat emakumeren gakoa hemen egon daiteke.

Bestalde, sistema immunearen zelula batzuek ere erabiltzen dute L-selektinaren bidezko mekanismoa. Izan ere, leukozitoak proteina horri esker itsasten dira odol-hodietara; horrela, infekzioaren eragileak dauden ehunera iristen dira eta aurre egiten diete.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia