Giza ekolokazioaren ezaugarri akustikoen eredu matematikoa egin dute
2017/08/31 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Saguzarrek eta itsas ugaztun batzuek bezala, gizakiek ere ekolokazioa balia dezakete, inguruneari buruzko informazio espaziala jasotzeko. Durham Unibertsitateko ikertzaileek (Britainia Handia) ekolokazioa darabilten hiru pertsona itsu aztertu dituzte, eta fenomenoaren ezaugarri akustikoen eredu bat egin dute. PLOS Computational Biology aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Artikuluaren arabera, lehendik jakina zen pertsona batzuek gai direla ekolokazioa garatzeko. Ikerketan parte hartu duten hiru pertsonak itsuak dira, eta hamabost urte bete baino lehenagotik trebatuak izan dira ekolokazioa garatzeko eta erabiltzeko. Hala, gai dira mendian, bizikletan eta hiri ezezagunetan ibiltzeko, ahalmen horren bitartez. Zehazki, ahoarekin kliskak egiten dituzte, eta, oihartzunari esker, informazio espaziala jasotzen dute.
Argitaratu berri den ikerketan, parte-hartzaileek igortzen dituzten klisken ezaugarri fisikoen eredu matematiko bat egin dute. Ikertzaileen esanean, hori oinarri izan daiteke eredu sintetikoak diseinatu eta giza ekolokazioaren eraginkortasuna areagotzeko. Horrez gain, iradoki dute interesgarria izango litzatekeela prozesu neuronalak ikertzea, ekolokazioaren prozesamendua hobeto ulertzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia