Genomaren lasterketan, hurrena banana
2001/07/20 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Global Musa Genomics kontsortzioak bananaren genoma sekuentziatzeko proiektua abian jarri du. 2006. urterako amaitu nahi dute, eta ikerketak banana-barietate berriak sortzeko eta gaixotasunei aurre egiteko balioko dutela uste dute, bereziki, sigatoka beltza deritzon gaitzaren aurka borrokatzeko.
Sigatoka beltza gaitza onddo batek eragiten du eta mundu osoan dago hedatuta. Zenbait tokitan uztaren % 50 galarazten die nekazariei. Ikertzaileek badakite onddo horrekiko erresistenteak diren banana-espezie basatiak badaudela, eta erresistentziaren jatorri genetikoa aurkitu nahi dute. Horrela, nekazari txikien banana-ekoizpena handitu ahal izango dutela espero dute. Izan ere, Bananaren Hobekuntzarako Nazioarteko Sarea erakundeak (INIBAP) adierazi duenez, nekazari txikiek doan jasoko dituzte ikerketa genetiko honen informazioa eta emaitzak. Erakunde komertzialek, aldiz, ordaindu egin beharko dute datuak eskuratzeko.
Bananaren genomaren sekuentziazioa INIBAP erakundeak sustatutako proiektua da, eta, hor, 24 ikerketa-zentrok parte hartuko dute. Urtean 2 milioi dolar beharko dira ikerketak egiteko.
INIBAP erakundeak genomaren sekuentziazioa banana-ekoizleentzat aurrerapauso handia izango dela aldarrikatu badu ere, proiektuak hainbat kritika jaso ditu dagoeneko. Kritikoek banana ikertzen oso talde gutxi dabiltzala argudiatzen dute eta, genomaren sekuentziazioarekin batera, beste hainbat ikerketa-lerro ireki ezean, deus gutxi aterako omen dute. Batzuek ustez, goizegi da bananaren genoma sekuentziatzeko, baina INIBAP erakundeak tinko eutsi dio asmoari eta finantza-bideak ugaritzeari ekin dio.
Informazio gehiago:
Nature aldizkaria: http://www.nature.com/nsu/010719/010719-22.html
INIBAP: http://www.inibap.org/
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia