}

Gene-terapia bihotzeko taupadak zuzen emateko

2002/09/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

AEBetako Johns Hopkins Unibertsitateko ikertzaileek gene-terapia erabili dute akurien bihotzen taupadak kontrolatzeko. Haien esanean, pertsonentzako ere baliagarria izan liteke metodoa; hartara, ez litzateke taupada-markagailuen beharrik izango.
Terapia honi esker, ez litzateke taupada-markagailuen beharrik izango.

Enbrioietan, bihotzeko zelula guztiek dute taupadak erritmikoki emateko gaitasuna. Heltzean, ordea, zelula gehienek galdu egiten dute taupadak emateko gaitasuna, eta espezializatutako zelulek bakarrik dute ahalmen hori. Arazoa da, batzuetan, adinarekin bihotzaren taupadak kontrolatzen dituzten zelula horiek hil egiten direla. Hori dela eta, urtean 600.000 taupada-markagailu ezarri behar izaten dira.

Taupada-markagailuei esker, bihotzak taupadaka hasteko behar duen indar elektrikoa jasotzen du; gainera, taupaden erritmoa ere kontrolatzen dute markagailuek. Alabaina, dena ez dute aldeko: taupada-markagailua ezartzeko operazioak luzeak, garestiak eta arriskutsuak dira, bateriak 5-10 urtetik behin aldatu behar dira, eta pazienteak eremu magnetikoak saihestu behar ditu aurrerantzean, hala nola, metal-detektagailuak eta hainbat mediku-eskaner.

Enbrioien bihotz-zelula guztiek dute taupadak sortzeko eta kontrolatzeko ahalmena.

Arazo horiek guztiak gainditzeko, taupadak sortzeko gaitasunik ez duten zelulei ahalmen hori emateko era asmatu dute ikertzaileek. Hain zuzen, gene-terapia erabili dute, enbrioien bihotz-zelulek galtzen duten ahalmena berreskuratu eta berriro taupadak emateko gai izan daitezen. Birus baten bidez, potasio-ioi positiboak zelula barnera sartzen dituen proteina aldarazi dute. Birusak proteina hori kodetzen duen genea darama, baina, kasu horretan, proteina eraldatuta dago.

Sartutako geneari esker bihotz-zelulek proteina eraldatua ekoizten duenean, zelulak bere lana egiteari uzten dio. Horrek karga elektriko negatiboa sorrarazten du zelularen barnean; elektrizitatea bihotz guztira hedatzen da eta uzkurdura erritmikoa sortzen da. Itxura denez, nahikoa da zelula milaka batzuk aldatzea, eta, beraz, ez da birus eta gene askorik behar.

Ikerketaren emaitzak Nature aldizkarian argitaratu dituzte. Nolanahi ere, ikerketa hastapenetan dago, eta, gizakietan erabiltzerako, bide luzea egin beharko du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia