}

Gazta zuri begetala

1990/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Iparrameriketan medikuek propaganda handia egin dute saturatu gabeko koipea jatearen mesedeak goralduz. Urtetako lanaren ondorioz, iparramerikarren batezbesteko kolesterolemia %20 jaistea lortu dute eta maila berean baita bihotzekoak jota hildakoen kopurua ere.

Frantzian azken aldian ari dira benetan kolesterolaren kaltegarritasunaz ohartzen. 1.700.000 pertsona omen daude litroko hiru gramo kolesterol baino gehiago dutenak, berez maila normala litroko 1,85 eta 2 gramo bitartekoa delarik. Arazoari aurre egiteko elikadura-industria frantsesa urratsak ematen ari da. Esneki koipetsu berriak lortu nahi dituzte, koipe begetal eta saturatu gabeak erabiliz, baina hori bai, esnearen koipeaz egindako produktuen zaporea mantenduz. Gazta zuri natural "begetala" da esan dugunaren adibide nabarmena, nahiz eta budin, gurin, esnegain etab. ere egin. Denak soiaren koipez egiten dituzte, baina benetako esnekien zaporea mantenduz.

Estatistikek adierazten dutenez, litroko 0,8 gramo kolesterol soberan edukitzea egunero 20 zigarrotxo bezain arriskutsu da infartuari dagokionez. Beraz, gero eta kontu handiagoa izan beharrean gara janari-arazoetan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia