
Metil-t-butil eterra (MTBE) oxigenoan aberatsa da, gasolinari eransten zaio eta errekuntzan gas poluitzaile gutxiago askatzea eragiten du; baina, aldi berean, uraren kutsatzaile handia ere bada. Hori dela eta, tinko dihardute kimikariek MTBEaren ordezkoa bilatzen, eta aurkitu ere aurkitu dute: dimetil karbonatoa (DMC), hain zuzen ere. DMCa ez da toxikoa eta, dirudienez, MTBEak baino hobeto egiten du bere lana. Baina DMCa ekoizteko prozesua oso garestia eta arriskutsua izan da orain arte.
Txinako Tianjing-eko Unibertsitateko Yiling Tian kimikariak eta bere lankideek DMCa ekoizteko modu berri eta garbia aurkitu omen dute, baina ez dute prozesu berriaren zehaztasunik eman. Osagai ez-toxikoak erabili dituztela eta prozesua bera arriskurik gabeko kondizioetan egin dutela esan dute. Berriak ingurumenaren ikuspuntutik itxaropena piztu duen arren, prozesuaren bideragarritasuna ikusteke dago.
Lasa Iglesias, Aitziber
STEAM Hezkuntza arloko arduraduna
Industria Ingeniaria, energia-tekniketan espezializatua (UPV/EHU) eta multimedia-ikasketak egina (UOC), Elhuyar Fundazioan dihardu 2002az geroztik, Zientziaren eta Teknologiaren gizarteratze-lanetan. Nagusiki haurrentzako eta gazteentzako proiektuetan ibilia, lehiaketak, aldizkariak eta bestelako proiektuak jarri ditu martxan Elhuyarren. 2006tik 2010era arte, BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroaren proiektu museologikoaren eta museografikoaren koordinatzailea izan da. Gaur egun, museografiaren ardura du Elhuyar Fundazioan, zientzia-zerbitzu espezializatuen eremuan.
Proiektu berrien diseinuaz gain, publiko desberdinei zuzendutako hainbat proiekturen ohiko kolaboratzaile ere bada gaur egun.