Garuneko tumoreen garapenean funtsezkoa den genea identifikatu dute

2017/05/16 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Afiller/Wikimedia Commons

Biodonostia OII-ko ikertzaileek eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko medikuek elkarlanean, garuneko minbizi gaiztoen eta aldi berean ohikoenean gakoa den gene bat identifikatu dute (SOX1), Scientific Reports aldizkarian aditzera eman dutenez.

Berez, transkripzio-faktore bat da SOX1. Zelula ama helduen mantenuarekin lotuta dago eta sarritan dago isilarazita minbizian, defentsa-funtzioa egiten baitu tumore-zeluletan. Hau da, tumore ezabatzaile moduan jardun ohi du hainbat minbizi solidotan. Baina Ander Matheuk koordinatzen duen ikertzaile-taldeak SOX1en maila handia hauteman zuen pazienteengan biziraupen txikia eragiten duten tumore batzuren biopsian. Era berean, identifikatu dute SOX1-maila nabarmen areagotzen dela glioblastomaren sorreraren eta progresioaren erantzulea den tumore-zelulen populazio espezifiko batean.

Ikertzaileek glioma-zeluletan SOX1 isilarazi dutenean, hautematen dute zelulok galdu egiten dituztela ezaugarri gaizto guztiak, beren burua berritzeko ahalmena eta tumore-jarduera barne. Horregatik, ondorioztatu dute geneak funtzio onkogenikoa betetzen duela minbizi-mota horretan. Lanaren emaitzek estrategia berritzaileak identifikatzeko aukera eman diete Biodonostia OII-ko ikertzaileei, eta genea xede terapeutiko eta estratifikazioko biomarkatzaile gisa erabilitzea proposatu dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia