Garunak hizketaren tonuak nola prozesatzen dituen azaldu dute
2017/08/25 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Pertsonok gaitasun handia dugu tonu-aldaketak detektatzeko, eta ezinbestekoa zaigu hori komunikaziorako. Bada, Kaliforniako Unibertsitateko neurozientzialariek hizketaren tonu-aldaketak nola detektatzen ditugun azaldu dute, Science aldizkarian argitaratu dute lan batean.
Intonazioaren arabera esaldi berak oso esanahi desberdina izan dezake; adibididez, esaldia neutroa edo galdera izan daiteke, eta hitz bat edo bestea indarttzean ere esanahia aldatu egiten da. Desberdintasun horiek garunak nola detektatzen dituen aztertzeko, hamar boluntariorekin esperimentu bat egin dute Californiako Unibertsitateko ikertzaileek. Egitura bera zuten lau esaldi desberdin entzunarazi zizkieten boluntarioei, hiru ahots desberdinek esanak, eta esaldi bakoitza lau intonazio desberdinetan. Bitartean, elektrodoen bidez neokortexeko gune jakin bateko jarduera neurtu zuten.
Hala, ikusi zuten neurona batzuek hiru ahotsak bereizten zituztela, bakoitzaren tonuaren arabera. Beste neurona batzuek, berriz, lau esaldiak desberdintzen zituzten, berdin zuek ze ahotsek esaten zuen; alegia, hitzen fonema desberdinak detektatzen zituzten. Eta, azkenik, hirugarren neurona-talde batek intonazioak desberdintzen zituen; berdin zein ahotsek esaten zuen, edo zein esaldi zen. Horrez gain, ikertzaileek ikusi dute ahotsak bereizten dituzten neuronek ahots bakoitzaren tonu absolutua detektatzen dutela, eta intonazioa bereizten dutenek berriz, tonu erlatiboa, alegia, hizlariaren ahotsak uneoro dituen tonu-aldaketak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia