}

Garrapoa, oihanetako igeltsero prestua

1993/09/01 Aihartza, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Sitidoen familia ia mundu osoan barreiatuta bizi diren lau jenerotan bildutako hamalau espeziez osaturiko talde bitxia dugu, bertako kideen ezaugarririk nabarmenena enborretan edota harkaitzetan gora eta behera lauzkatzeko duten abilezia ikaragarria delarik. Euskal Herrian, talde honetako kide bi bizi dira: harkaitz-txoria (Tichodroma muraria) ingurune harritsu eta harkaitz-labarretan, eta garrapoa (Sitta europaea), gure baso eta oihanetan.

Garrapoa (Sitta europaea) 14 cm inguruko luzera duen txori potzolo eta sendoa dugu; lehen begiradan moko koniko zorrotz eta luzea duelako bereiz daitekeena. Alde dortsalean kolore gris urdinska ageri du burutik isatsera, eta azpialdetik berriz zuri arreska izaten da, alboak zertxobait laranjagoak dituelarik. Mokotik hasi eta lepoaren alde bietan zehar begia zeharkatzen dion eta hegaletaraino iristen zaion arrasto beltz nabaria izaten du bestalde, eta masailak eta lepapea berriz, zuriak ageri ditu.

Hirugarren astea bete dutenean, garrapoaren txitoak lehenengoz azalduko dira habiako zulotik mundu zabala ikustera.

Txori bikaina ikustean ordea, deigarriena hegazti honek duen ibilera bitxi eta berezia dugu, zalantzarik gabe. Izan ere, garrapoa ia beti, zuhaitz-enborretan eta adarretan gora eta behera ikusiko baitugu, hatzamar sendoez enbor-azalari eutsiz, lauzkatuz dabilela. Lan honetan gainera, ez du okilek edo gerri-txoriek erabiltzen duten teknika erabiltzen; hau da, ez ditu isatseko lumak euskarritzat erabiltzen. Aitzitik, garrapoa bere atzazal indartsuez baino ez da baliatzen enbor eta adarrei eusteko, eta berdintsu ikusiko dugu goranzko bide errazean, nahiz buruz behera jarririk, lurrerantz datorrela.

Izan ere, izaera erabat oihandarra duen txoria baitugu garrapoa, eta sekulan ere ez da zuhaitzen babesetik kanpora abiatzen. Aitzitik, harizti, amezti eta pagadi zahar eta trinkoak dira bere bizilekua, eta bertan ikusi ahal izango dugu, enborretik enborrera hegaldi laburrak egiten ari dela, eta errepikatutako nota garbiz osatutako kantua lau haizetara zabalduz.

Garrapoa txori sedentarioa da, eta urtean zehar bakarka edo bikotetan bizi daitekeen arren, negua iristen denean, amilotx, kaskabeltz eta beste paridoekin batera ibil daiteke talde txikitan. Sasoi horretan, eta intsektiboro gehienek egiten duten legez, garrapoak ere dieta begetarianoari eusten dio besterik ezean, eta urrak, pagaziak, ezkurrak eta bestelako fruituak ustiatzen ditu elikagai gisara. Bere moko sendoa bestalde, lagungarri gertatzen zaio lan honetan: urra edo beste fruitu gogorren bat bildu, enbor-zulo edo tarteren batean kokatu, eta gogotik astintzen du moko zorrotzaz, azala puskatu eta mami goxoa dastatu arte. Sarritan gainera, hainbat fruitu-biltegi eta ezkutaleku izaten du, udazkenean hornitutakoez, negu gorriari aurre egin ahal izateko.

Udaberria iristen denean berriz, garrapoa elikadura berera itzultzen da, eta intsektuak eta beste ornogabeak harrapatzeari ekiten dio gogo biziz, bere ibilera xelebrea dela eta enbor-garbitzaile sutsu izatera iristen delarik. Izan ere, garrapoak enbor-azaletan, eta bertako tarte eta zirrikituetan bizi eta mugitzen diren xomorroak, beldarrak eta ornogabeen arrautzak ustiatzen baititu (bereziki bazkatzeko), eta horrela, txori bitxia oihanaren osasunaren zaintzaile amorratu bilakatzen zaigu sasoi honetan.

Garrapoak zabal banatuta daude Europan, Asian eta Afrikako iparraldean, eta Euskal Herrian ia nonnahi aurki daiteke.

Baina udaberria halaber ugaltzeko sasoia dugu, eta lan honetan ere badu garrapoak iharduera deigarririk. Izan ere, okilak oihanetako zurgin edo arotzak baldin badira, garrapoa igeltsero fina dugu habia egiteko orduan! Apirilaren hasiera alderako, garrapoak, bikotea eratu ondoren, okil baten zulo zaharren bat aukeratzen du bere txitoak munduratzeko. Okilaren zuloa handitxoa gertatzen zaio nonbait ordea, eta beraz, egokitzeko lanak egin behar izaten ditu. Horretarako bikoteak, putzu edo errekatsoren bat bilatzen du habia izango denaren inguruetan, eta bertara hurbilduz, lokatza biltzeari ekiten dio.

Lokatz-zatiak mokoan ardura handiz bildu, eta habiara eramaten dituzte, hauei esker atariko zuloa beren neurrira egokitzen dutelarik (tamaina egokiko ataria moldatu arte lokatza astiro kokatu eta maneiatuz). Era berean, habiaren barnean egon daitezkeen tarte eta zirrikituak ere lokatzez estaltzen dituzte, eta azkenik, hainbat hosto-zati, enbor-azal eta zotz biltzen dute bertara, ohantze goxoa eratzekotan.

Lan hauek amaitu ondoren, eta apirilaren azkenetan, emeak 6-10 arrautza erruten ditu, eta 14-18 eguneko txitaketa burutu beharko du kumeak jaio aurretik, sasoi horretan bere kidearentzat bazka ekartzeaz arra arduratzen delarik. Txito hauek bestalde, beste 20-25 egun beharko dituzte habia uzteko, eta sasoi horretan gurasoek jo eta ke aritu behar izaten dute lanean, kumeen premiak asetzeko.

Garrapoa, ia beti, zuhaitz-enborretan eta adarretan gora eta behera ikusiko dugu hatzamar sendoez enbor-azalari eutsiz, lauzkatuz dabilela.

Garrapoak zabal banatuta daude Europan, Asian eta Afrikako iparraldean, eta Euskal Herrian ia nonnahi aurki daiteke, Arabako Errioxan eta Nafarroako hegoaldean izan ezik; bertan ez baitu bizileku aproposik. Izan ere, eta aipatu denez, garrapoak oihan zahar eta aberatsak behar ditu bizitzeko, eta eskualde hauetan ez du horrelakorik topatzen. Bizilekuari dagokionez, garrapoak oihan zabal eta trinkoak maite ditu, eta baso bakanduak edo zuhaitz-talde txikiak ez ditu nahi izaten.

Bestalde, enbor bikortsua duten hostogalkorrak ditu gogokoen, hala nola hariztiak, ameztiak, eta gaztaina, lizar, ezki, zumar eta abarrez osaturiko baso mistoak, eta gutxiago bada ere pagadi eta pagadi-izeiditan ere aurki daiteke. Artadi eta erkameztiak berriz, ez ditu maite, eta pinudietan nekez ikusten da; bertan oso zaila baitu habia egiteko leku aproposik aurkitzea.

Fitxa teknikoa GARRAPOA

Espeziea: Sitta europaea
Familia: Sitidoak
Ordena: Paseriformeak
Klasea: Hegaztiak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia