}

Gangesen delta koloretan

2009/08/04 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Gangesen delta ikus daiteke irudian, munduko deltarik handiena; Asiaren hegoaldean dago, Bangladesh eta India artean. Europako Espazio Agentziaren Envisat sateliteak jasotako datuekin egindako irudia da; zehazki, ASAR deritzon radarrak jasotako datuekin.

Berez, radarrek jasotako informazioarekin ezingo litzateke koloredun irudirik sortu, koloredun irudiak sortzeko espektro ikusgaiko uhinak erabili beharko liratekeelako, eta radarrek irrati-uhinak erabiltzen dituztelako.

ASAR radarrak jasotako irrati-uhinekin, dena den, askotariko konposizioak egin daitezke; adibidez, irudian ageri dena: radarrak uhinak bidali zituen Lurrera, eta Gangesen deltako materialek uhin horiek nola banatu zituzten jaso zuen. Materialek konposizioaren arabera desberdin sakabanatzen dituztenez uhinak, erraz adieraz daitezke gainazaleko aldakortasunak, eta erraz eslei dakioke bakoitzari kolore jakin bat.

Irudia: ESA

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia