Galapago irlak mehatxupean daude
1995/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Darwinek mirestu zuen paradisua galtzeko zorian dago. Hango ereduan oinarrituta Garapenaren Teoria kaleratu zuen ikerlariak eta orain, neurrigabeko arrantzak eta horri aurre egiteko gaitasun-ezak Galapago Irlak mehatxupean jarri dituzte. Mundu osoko talde ekologistei eta zientzilariei dei egin diete bertako ikerlariek Ekuadorreko Gobernua presiona dezaten. Bitartean, inguruan gertatzen ari denaz oharturik, Irletako jatorrizko biztanleak diren Isostichopus fuscus izeneko dordokak urritzen ari dira. Azken 4 urteetan % 10 gutxiagotu ei da dordoka-populazioa Galapago Irletan.
Garapenaren katea ulertzeko bidea eman zuen izakia eta irletako biztanleen bizimodua galdu egin daitezkeela diote ekologistek, bertako arrantzaleek kontrakorik esaten badute ere.
Gaur egungo egoera ulertzeko, arrantzaleen eta Gobernuaren arteko liskerrak kontutan hartu behar dira. Lehenek egindako presioaren aurrean amore emanez, arrantza-baimena hiru hilabetez luzatzea onartu egin zuen Gobernuak. Epe horretan soilik, 500.000 dordoka harrapatu omen zituzten sareetan, arrantzako denboraldi osoan kopurua 7 milioietara iritsi zelarik.
Gobernuaren aginduz, abenduan amaitu zen arrantza-denboraldia Galapago Irletan. Arrantzaleek ez zuten erabakia aintzakotzat hartu eta sareak jaurtitzen segitzeaz gain, dordokak suntsitzeko mehatxua egin zuten. Egoera honen aurrean, bederatzi hilabetez arrantza debekatzeko agindua eman zuen Gobernuak. Talde ekologistekin eta turismo-erakundeekin hitzartutako agindua izan zen. Bat datoz guztiak Galapago Irlen etorkizuna jokoan dagoela esatean. Dordokak, bitartean, Galapago Irletatik ihes egiten hasi dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia