Gailu mugikorretako aplikazioak, webaren kalterako
2011/10/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzaileaElhuyar Hizkuntza eta Teknologia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Pentsa ezazu une batez zer egiten duzun normalean etxeko edo laneko ordenagailuan Interneten zabiltzanean: ziur asko, posta elektronikoa begiratuko duzu, Hotmail, Gmail edo horrelako beste web-zerbitzu batean; agian, Facebooken ere sartuko zara, eta Twitterren ere bai; RSS bidez blogak edo albiste-guneak jarraitzeko ohitura baduzu, Google Reader, Alesti edo horrelako webguneren batera ere sartuko zara; eta baliteke komunikabideren bat edo besteren webgunera joatea albisteak irakurtzera. Hori dena nabigatzailetik egingo duzu, Firefox, Chrome, Opera, Safari nahiz Explorer-etik.
Aldiz, hori bera zure tableta edo smartphonetik egiten baduzu, seguruenik ez duzu nabigatzailea irekiko: web-zerbitzu horietako bakoitzarentzat aplikazio bat izango duzu instalatuta, eta horien bidez atzituko duzu webgune horietako edukia.
Gailu mugikorretan Interneten ibiltzeko nabigatzaileen ordez webgune bakoitzerako aplikazioak erabiltzeko joera hori ez da anekdotikoa: gailu mugikorretako aplikazioen audientzia-analisiak egiten dituen Flurry agentziaren esanean, AEBetan jada denbora gehiago ematen du jendeak mugikorretako aplikazioak erabiltzen nabigatzailearen bidez nabigatzen baino; eta gailu mugikorrak han bezainbeste zabaltzen direnean, espero izatekoa da hemen ere joera hori nagusitzea.
Webaren kalterako
Baina webaren asmatzaile eta webaren gidalerroak markatzen dituen W3C erakundearen zuzendari Sir Tim Berners-Lee jaunak Scientific American aldizkarian adierazi duenez, joera hori webaren kalterako da, arrazoi askorengatik. Horietako bat da aplikazioek maiz komunikazio-protokolo jabedunak eta ezkutuak erabiltzen dituztela, irekiak eta estandarrak diren HTTP, REST, SOAP eta antzekoen ordez. Horren kalteak ugariak dira: batetik, nabigatzailea ez da gai baliabide horiek atzitzeko, protokoloa ezezaguna baitzaio; bestetik, protokoloa agian ez dago behar bezainbeste optimizatuta (ikusi dute Twitter atzitzeko aplikazio ofizialak hirugarrenek egindako beste batzuek baino datu-trafiko bikoitza eragiten duela); azkenik, komunikazio horretan gertatzen dena ezin da jakin.
Beste arrazoi bat da aplikazioen bidez atzitzen diren baliabideak ez direla estekagarriak, ez baitaude webean. Ezingo lirateke estekatu, bilatzaileek ere ezingo lituzkete indexatu... Horrek "lorategi hesituen" mundura garamatza berriro, irla isolatuetara, webak ekarritako abantaila nagusietako bat pikutara bidaliz (elkarri erreferentzia egiten dioten eta lotuta dauden orri mordoaren sare unibertsal bakarra, alegia). Egia da oraingoz behintzat aplikazio bidez atzitzen diren zerbitzu horiek web bertsioa ere badutela; baina, aplikazioak besterik erabiliko ez liratekeen etorkizun batean, web bertsio horiek desagertuko balira...
Azkenik, aplikazio bakoitza plataforma batean soilik dabil (Applerenean, Androiden, Nokiarenean, Blackberryrenean...), eta webgune baten egileak aplikazioak ez baditu plataforma guztietarako garatzen, erabiltzaile batzuk webgunea ezin atziturik geratuko dira, web bertsiorik ez badago.
Badaude kasuak non aplikazioek zentzua duten. Adibidez, gailuaren hardwarea erabili beharra dagoenean (kamera, GPSa...), webaren bidez egitea ez da erraza, edo, kasu batzuetan, ezinezkoa da; edo kontsultatu nahi diren datuak oso aldakorrak ez direnean (hiztegiak, esaterako), aplikazioek Interneterako konexiorik gabe aritzea ahalbidetzen dute. Baina aplikazioek datu eguneratuak online kontsultatu beharra dutenean...
Eta, orokorrean kalterako izanik, zergatik dago joera hori? Tira, erabiltzaileei dagokienez, logikoa da aplikazioak erabiltzea, gailu mugikorrak berariaz prestatuta baitatoz aplikazioak erraz deskargatu eta instalatzeko. Gainera, webgune asko ez daude prestatuta gailu mugikorretan ongi ikusteko. Eta esaten da web-zerbitzu batzuk azkarrago dabiltzala aplikazioetatik nabigatzailetik baino, zerbitzuaren jabeak hala eginda nahita.
Web-zerbitzuen egileei dagokienez, ez da erraza arrazoia ulertzea, ez bada lehen ez zela hain erraza interakzio handiko webguneak egitea. Baina, gaur egun, HTML5 eta AJAX moduko teknologia estandarrei esker, webgune oso interaktiboak egin daitezke, gailu mugikorretara egokituta gainera. Eta behin eginda, edozein gailutatik atzi daiteke, plataforma bakoitzarentzat aplikazio bat egiten ibili beharrik gabe. Hori guztia ikusita, bururatzen zaizkigun arrazoi posible bakarrak izan daitezke ezjakintasuna (sinesten zaila) edo enpresen betiko nagusitasun- eta kontrol-nahia, errazago lortzen dena aplikazioetatik eta irla isolatuz osatutako Internet batean.
Joera aldatzen hasi ote?
Azken aldian, baina, mugimendu garrantzitsuak egon dira joera horren kontrako norabidean, eta gutxien espero zitekeen tokitik etorri dira mugimendu horiek: kontrol eta itxitasunaren defendatzaile den Appleri esker (ez berak hala nahita, baina).
Appleren iPadak izan zuen arrakasta zela medio, paperezko salmentak etengabe behera zihoazela ikusten ari ziren komunikabide eta aldizkari askoren itxaropen handia bilakatu zen iPada. iPadeko aplikazioen bidezko edizio digitalerako harpidetzekin sarrerak berpizteko aukera ikusten zuten, beren azken aukera. Baina Applek, horren jakitun, oso baldintza gogorrak ezarri zizkien beren edukietarako harpidetza eskaintzeko iPaderako aplikazio bat egin nahi zuten komunikabideei: harpidetza-sarreren % 30ek Applerentzat izan behar du; harpidedunen datuak Applek kudeatzen ditu, eta komunikabideak ezin ditu eskuratu; komunikabideak harpidetza bere webgunearen edo beste plataformetarako aplikazioen bidez ere eskaintzen badu, hango prezioa ezin da merkeagoa izan; eta aplikazioak ezin du estekarik izan webgunearen harpidetza-tokira.
Bada, kontua da Financial Times -ek ez diela men egin baldintza horiei, eta ez duela iPaderako aplikaziorik garatu: horren ordez, harpidetzak eta edukiak eskaintzeko, HTML5en webgune interaktiboa garatu du. Geroago, Amazon-ek ere garatu du bere HTML5 webgunea, liburu eta aldizkariak bertan erosi eta bertatik irakurtzeko, gauden gailuan gaudela eta aplikazio beharrik gabe, nabigatzailetik.
Bi agente garrantzitsu horien mugimenduak ikusita, Applek bere baldintzak bigundu ditu. Baina, ziurrenik, afera horrek webeko enpresa askori ikusaraziko zien aplikazioek plataformaren ekoizleekiko mendekotasuna dakartela. Ea horri esker HTML5 eta estandar irekiak gailenduz joaten diren eta webaren irekitasun- eta unibertsaltasun-printzipioak nagusitzen diren.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia