Fukushimako zesioa aurkitu dute Kaliforniako atunetan

2012/05/30 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Brian Skerry

Kalifornia aldean harrapatutako atunetan Fukushiman isuritako zesio erradiaktiboa aurkitu dute. Ikertzaileek azpimarratu dute ez dagoela inolako arazorik atun horiek jateko, erradioaktibitate maila onartutakoaren oso azpitik baitago.

2011ko abuztuan, Fukushimako istripua gertatu eta hilabete gutxira, harrapatutako 15 Pazifikoko atun (Thunnus orientalis) aztertu dituzte; Japoniako uretan jaio eta urte bat edo bi han pasatu ondoren, Pazifikoaren beste aldera migratu zutenak. Eta PNAS aldizkarian argitaratu berri dutenez, zesio-134 eta 137 isotopo erradioaktiboen maila altuak atzeman dituzte kasu guztietan.

Zesio-137a bestela ere bada itsasoan, lehergailu atomikoekin egindako saioengatik, baina zesio-134ak bi urteko erdibizitza duenez, Fukushimarekin lotu daiteke zuzenean, ikertzaileen esanean. Ez dute beste aukerarik ikusten isotopo horren agerpena azaltzeko.

Neurtutako kontzentrazioak istripuaren aurretik neurtutakoa baino 10 aldiz handiagoak izan dira. Hala ere, elikagaietan onartutako erradioaktibitate-mailatik oso behera daude, eta modu naturalean hartutako erradioaktibitatearen % 3 baino ez da zesioak eragindakoa. Adibidez, naturalki hartutako potasio-40 isotopo erradioaktiboaren maila 30 aldiz handiagoa da.

Aurten harrapatutako atunekin azterketa bera egiteko asmoa dute, eta ikertzaileek kasu horretan zesio gehiago aurkitzea aurreikusten dute, Japoniako ur poluituetan denbora gehiagoz egon diren atunak izango baitira.

Ikertzaileek azpimarratu nahi izan dute halako migrazio biologikoak kontuan hartu beharreko faktorea direla poluzioa nola hedatzen den jakiteko. Izan ere, kasu honetan “zesio erradioaktiboa Kaliforniara iritsi da, ez itsaslasterren bidez, baizik eta munduko ozeano handiena zeharkatzen duten arrainen muskuluetan” adierazi du ikerketan parte hartu duen Standford Unibertsitateko Daniel Madiganek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia