
NASAko sateliteak jasotako irudian ikus daiteke, urdin argiz, ozeano Atlantikoan, Portugaleko kostaldetik ezkerretara, iazko udaberrian gertatutako fitoplanktonaren bloom-a. Adi eta ez nahastu! Gris koloredun orban horiek lainoak dira.
Fitoplanktonaren bat-bateko populazio-hazkuntzak urtero gertatzen dira, ziklikoak dira, eta horiek gabe ez litzateke bizirik egongo itsasoan eta lakuetan. Fenomenoari bloom esaten zaio ingelesez; zuzenean itzuliz gero, loraldia euskaraz.
Hazkuntza ikusgarriena udaberrian gertatzen da. Izan ere, udaberrian, uraren tenperatura epeltzen hasten denean, goiko eta beheko ur-geruzak nahastu egiten dira. Ondorioz, ura mineralez aberasten da eta algak hazteko kondizio egokiak sortzen dira. Algak, hori aprobetxatuz, etengabe ugaldu eta hazten dira.
Elhuyar Zientzia