}

Fisiologia edo Medikuntzako Nobela, urdaileko ultzeraren jatorria argitu zutenentzako

2005/10/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Barry J. Marshall eta J. Robin Warren ikertzaileek jasoko dute 2005eko Fisiologia edo Medikuntzako Nobela . Karolinska Institutuko epaimahaiak saria biei ematea erabaki du, urdaileko eta duodenoko ultzera zerk sortzen duen argitzeko egin dituzten ikerketengatik.

Barry J. Marshall eta J. Robin Warren.
Argazkia: www.hpylori.com.au

Hain zuzen ere, biek egindako lanei esker, gaur badakigu bakterio batek eragiten dituela urdail-paretaren hantura, gastritisa, eta baita ultzera ere. Bakterioa aurkitu aurretik, sendagileek uste zuten bizimodu desegokiak eta estresak sortzen zutela ultzera. Alabaina, 1982an Marshallek eta Warrenek frogatu zuten H elicobacter pylori bakterioak eragiten dituela urdaileko eta duodenoko ultzeren % 80-90.

Warrenek hasi zuen ultzeraren erruduna aurkitzeko bidea. Izan ere, hura izan zen lehena konturatzen pazienteen biopsietan bakterio batzuk zeudela, eta, bakterioa zegoenean, urdaileko mukosa beti handituta zegoela.

Marshalli oso interesgarriak iruditu zitzaizkion ikerketa horiek, eta bien artean ehun pazienteren biopsiak aztertzen hasi ziren. Gainera, Marshallek bakterioa laborategian haztea lortu zuen, eta biek ikusi zuten ultzerarekin zuzenean erlazionatuta zegoela. Izan ere, gastritisa eta duodenoko edo urdaileko ultzera zuten paziente denetan aurkitu zuten bakterioa. Beraz, gaitz horien eragilea zela ondorioztatu zuten ikertzaileek. Gerora, Helicobacter pylori deitu zioten bakterioari.

Gizakiari estu lotutako bakterioa

Helicobacter pylori bakterioa. Argazkia: Tall Poppy Campaign.

Helicobacter pylori bakterioa giza espeziean bakarrik bizi da, eta oso ondo egokituta dago urdaileko inguruari. Populazioaren erdiak du bakterioa; ez da hain ohikoa gizarte aberatsenetan, baina garatze-bidean dauden herrialdeetan ia denak daude infektatuta. Normalean, amatik haurrera pasatzen da bakterioa, eta, askotan sintomarik sortzen ez badu ere, infektatutako % 10-15ek gaitza garatzen dute.

Bakterioak urdailaren behealdea infektatzen du hasieran. Ingurua handitzea eragiten du, eta badirudi hantura kronikoak goialdean urdail-azidoa ekoiztea eragiten duela. Ondorioz, areagotu egiten dira urdaileko eta duodenoko ultzera azaltzeko aukerak. Kasu larrienetan, mukosa odoldu eta zulatu egiten da.

Horretaz gain, ultzera kronikoa lotuta dago minbizia garatzeko arriskuarekin. Gaur egun ultzerak sendatzeko tratamendu egokiak daudenez,
urdail-minbizia ez dago lehen bezain zabaldua, baina, hala ere, heriotza gehien eragiten duten minbizien zerrendaren bigarren tokian dago. Halaber,
linfoma-mota bat izateko arriskua ere areagotzen du ultzerak.

Antibiotikoak sendabide

Infekzioaren mekanismoa.

Warreni eta Marshalli zor zaie urdaileko eta duodenoko ultzerak eta gastritisa sendagarriak izatea gaur egun. Tratamendua antibiotikoan eta antiazidoetan oinarritzen da, eta oso emaitza onak ditu. Hala eta guztiz ere, ezin dira antibiotikoak barra-barra erabili, bestela erresistentzia sortzeko arrisku handia baitago. Horregatik erabiltzen dira gaixo daudenak sendatzeko bakarrik. Nolanahi ere, lehen gaitz kronikoa zena sendagarri bihurtu da gaur.

Halaber, urdaileko ultzeraren eragilea bakterio bat dela jakiteak beste hainbat gaixotasun kroniko ere alde horretatik ikertzeko bidea ireki du, besteak beste, Chron-en gaixotasuna, artritis erreumatoidea eta arteriosklerosia. Oraindik ez dute aurkitu gaitz horiekin lotutako bakteriorik, baina gero eta zantzu gehiago dago pentsatzeko bakterioek garrantzi handia dutela zenbait gaitz kronikoren sorreran.