}

Fisikari gezurtia

2002/07/16 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Datuak asmatzeagatik bota dute Lawrence Berkeley laborategi ospetsutik fisikari bat.

1999an, Estatu Batuetako Lawrence Berkeley laborategiko fisikariek bi elementu kimiko berri egin zituztela iragarri zuten; elementu horiek taula periodikoaren 116.a eta 118.a ziren.

Hain elementu handiak egiteko, oso prozesu fisiko bereziak behar dira. Hain zuzen ere, 116.a eta 118.a egiteko, fisikariek berunari eta kriptonari elkarren kontra talka eginarazi zieten. Horrela sortutako atomo erraldoi horiek ez dira egonkorrak, eta berez alfa partikula-pila bat eratzeko desegiten dira. Ustez, zientzialariek alfa partikula horiek detektatuta izan zuten bi elementuen berri.

Baina bi urte geroago esperimentua errepikatzen saiatu ziren, eta ez zuten elementu horien arrastorik ere aurkitu. Laborategiko langile batek emaitzak asmatu zituela ondorioztatu zuten orduan eta, horregatik, bota egin dute.

Orain, taldeak barkamen eske artikulu bat argitaratu du Physical Review Letters aldizkarian; egileak 1999ko taldekoak dira, kide bat izan ezik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia